Urtea: 2016
Herrialdea: AEB
Travis Rice snowboarder bikainak bere zaletasuna muturrera eramateko joera du. Tontorrik altuenera, elurtutako paretarik malkarrenera, paisaia zailenetara heltzea gustatzen zaio, eta bere kideak ere horretara bultzatzen ditu, mugak gainditzera. Snowboardinga, baina, naturaren indarrei estuki lotutako kirola dela sinetsita dago, fenomeno metereologikoek baldintzatzen baitute elur kopuru eta horren kalitatea. Eta horregatik, munduko txokorik elurtu eta bakartienetara egingo du bidaia Red Bull Media House ekoizpen etxearen babesarekin, zapaldu gabeko elur zurienez gozatzeko. Japonia, Errusia eta Alaska izango ditu jomuga, eta lau urteko bidaiaren unerik gogoangarrienak errepasatuko ditu dokumentalak.
Donostiako Velodromoan egin dute filmaren mundu mailako estreinaldia, Savage Cimena atalaren baitan, eta bertan izan dira Rice bera (2012an ere Donostian izandakoa eta ikusmin handia sortzen duen kirolaria), Victor de la Rue eta Mark Landvik dokumentalean parte hartu duten snowboarderretako bi, eta filmaren ekoizleak. Urte luzeetako lanaren emaitzaren pozik azaldu dira guztiak, ikus-entzuleen erantzuna ikusteko gogotsu.
Eta ikus-entzuleek, espero zitekeen bezala, txaloka eta gozamen oihuekin erantzun dute. Eta ez da gutxiagorako. Arriskuzko kirolen generoan ez dago Red Bull Media House bezalakorik, eta eskura dituen punta-puntako baliabide guztiak jartzen ditu halako produkzioetan. Emaitza ikusgarria da, are gehiago Velodromokoa bezalako pantaila erraldoi batean, eta kirola gustuko izan ez arren (nahiz eta ez den ohikoa halako emanaldietan), ileak tente jarriko zaizkio edonori.
Dena den, Ricen jatorriari buruzko edukia faltan bota dut lanean. Ez ditugu bere hastapenak ikusi, ezta bere familia eta snowboardean aritzen ez direnak lagunak ere, eta horrek protagonista testuingururik gabe utzi du, mendian gora eta behera, kirolarekin obsesionatuta (berak dioen bezala), naturarekin sentitzen duen konexio estua baliatuz. Zer egiten duen erakutsiko digute, baina ez zergatik, zerk motibatzen duen. Une batean istripu larri bat ere izango du, eta operazioko irudi batzuk ikusiko baditugu ere, ez dugu osatze prozesuaren berri izango, eta bat batean, urtebeteren ostean, elurretara itzuliko dela ikusiko dugu. Nola joan da urte hori? Zerk eraman du berriro snowboarderra berriro onenen artean egotera? Zein zailtasun, ahulune igaro behar izan ditu? Nork lagundu dio? Zein izan da bere motibazioa? Galdera asko erantzunik gabe geratu zaizkit. Beharbada, gehiegi jakin nahi izan dut.
Hala, nahi gabe, urteroko ohitura bilakatu da Savage Cinema saileko film bat ikustera joatea, eta “festibaletako filmak” deitzen diren horiekin zerikusirik ez duten arren, merezi du (kirolzalea bazara, bereziki), sailari aukera bat eman eta agendan tarte bat egitea.