Eneko Sagardoy (Durango, 1994) aktoreak Jon Garaño eta Aitor Arregiren Aundiya filmean hartu du parte, Joseba Usabiagarekin batera, Altzoko erraldoiaren eta haren anaiaren harremana islatuko duen proiektuan. Urriaren 1ean, halaber, Treblinkara Azken Trena antzerki obra estreinatuko du Vaivén konpainiarekin. Durangar gaztearekin izan gara bere sorterrian.

Fikzioaren munduak betidanik erakarri izan du Sagardoy, eta haurra zenean gurasoentzako antzerki-emanaldiak antolatzen zituen etxeko egongelan, anaiak lagunduta. Eskolan hasi zen antzerkian, eta handik Durangoko Karrika antzerki taldera egin zuen jauzia. Goenkale telesail arrakastatsua izan zen bere lehen lan profesionala, aktore-lanetik bizi zitekeela erakutsi ziona, eta ordutik, han eta hemen, muturra ahal beste lekutan sartuta, aurrera egin du bere ibilbidean.

Nabari da kameraren aurrean solasten ohituta dagoela, eta lasaitasun osoz erantzuten ditu galdera, aurretik helarazi izan bagenizkio bezala. Soldatarik gabe dozenaka lan egin baditu ere, garai polita bizitzen ari da uneotan. Aundiya filmaren errodajea ekainean amaitu zuen, eta urrian Treblinkara Azken Trena antzerki obra estreinatzeaz gain, iaz grabatu zuten Argi filmak ere argia ikusiko du datorren hilaren 8an. Udazkenera begira ere beste proiektu batzuk izango dituela aurreratu digu, gainera.

Hona Eneko Sagardoyrekin izandako elkarrizketaren laburpena!