imageZuzendaria: Denis Villeneuve

Urtea: 2016

Herrialdea: AEB

Goiz batean, estralurtarren hamabi ontzi Lurrera helduko dira. AEBetan, Txinan, Errusian, Erresuma Batuan, Australian… lur hartuko dute, eta tokian tokiko gobernua haiekin harremanetan jartzen eta zertara etorri diren jakiten ahaleginduko da, mundua kaosak hartuko duen bitartean. AEBtako militarren goi kargu batek hizkuntzalari aditu batekin harremanetan jartzea erabakiko du, izaki ezezagunen hizkuntza argitzeko asmoz, eta Wyoming estatuan lurreratu den ontzira eramango dute fisikan aditua den beste gizon batekin batera. Estralurtarrek hemezortzi ordutik behin zabaltzen dute beren ontzia, lurtarrak bertan sartu eta elkar komunikatzen ahalegintzeko. Beraz, bi adituek hemezortzi orduro egingo diete bisita, pixkanaka, haien mezua ulertu eta gizateriari helarazteko.

Denis Villeneuveren berrienak itxiko du Donostia Zinemaldiko Perlak atala, Velodromoan. Iazko jaialdira Sicario lanarekin etorri zen zinegile kanadarra, eta berarekin etorri ziren Benicio del Toro eta Emily Blunt protagonistak.

Zientzia fikzioaren generora egin duen hurbilketa benetan interesgarria izan da, nahiz eta, aitortu beharra dudan, ez den bereziki atsegin dudan film mota.Ted Chiangen kontaketa batean oinarritua dago, eta ohiko estralurtarren inbasiotik haratago, drama bat pantailaratu du zinegileak, komunikazioaren mugen eta lorpenen arteko lerrotik abiatuta. Zentzu horretan, ekarpen aberatsagoa egingo digu filmak, eta esperotakoaren aurka, istorioaren alde gizatiarrarekin geratuko gara.

Ni bezala eszeptiko samarrak garenontzat, baina, filmeko estralurtarren figura eta haiekin komunikatzerako orduan protagonistek egingo dituzten berehalako aurrerapenak sinesten zailak izango dira. Baina halako pelikulek funtzionatu dezaten, bertan kontatuko digutena sinesteko asmoz sartu behar gara aretora, eta hori gainditutakoan, orduan bai, istorioa interesatzen hasiko zaigu. Horregatik, Villeneuvek sortutako estralurtarrak, bere neurrian, nahiko sinesgarriak egin zaizkit.

Filmeko flashbackak, denbora lerroaren malgutasuna, eta ekintzen jatorri eta ondorioen arteko nahasketa gustatu zaizkit bereziki, gatazka nagusiaren ebazpena baino gehiago. Protagonistaren istorioa eta bi aktore nagusien (Amy Adams eta Jeremy Renner) lana azpimarratuko nituzke, haiek eman baitiote sinesgarritasuna istorioari. Beraz, zientzia fikziozko lanen zale izan ez arren, emaiozue aukera bat Arrivali. Ziurrenik, gustatuko zaizue.