Maider Oleaga Iragan gunea. Berlin dokumentala aurkeztera hurbildu da gaur Zurriolako Butakaren zazpigarren saiora. EiTBk Agirre lehen lehendakariaren eta Eusko Jaurlaritzaren 80. urteurrenaren harira egin duen dokumental sortako lanetako bat da, politikariak Berlinen egin zuen denbora islatu nahi duena, bost lagun anonimoren bidez. Zinemira sailean aurkeztu du proiektua.
Segidan Mikel Ruedaren txanda izan da. Zinegile bilbotarra ere proiektu bererako osatu duen Quinta Planta dokumentalaz solastera etorri da Kursaalera. Bere kasuan, Agirrek New Yorken igarotako garaia izan du aztergai.
Ostean, Pello Gutierrez eta Josune Gorostegirekin mintzatu da Inaxio Esnaola aurkezlea. Mara Mara filmeko ekoizlea eta aktore nagusia dira, eta lana Zinemira sailean, lehiaketaz kanpo, aurkeztu dute jaialdian. David Eguilar Iñigo da filmaren zuzendaria.