Zuzendaria: Hainbaten artean

Urtea: 2016

Herrialdea: Euskal Herria

Donostia 2016 Kultur Hiriburutzak ikus-entzunezko alorrean garatutako proiektu nagusia da Kalebegiak film kolektiboa. Dozena bat euskal zinegile ezagunek hartu dute parte bertan, hiriari buruzko film labur bana osatuta; bederatzi orotara. Eta beste hiru proiektuak deialdi ireki baten bidez aukeratu dituzte. Larrotxene Bideoko Jorge Gil eta Michel Gaztambide arduratu dira egitasmoaren koordinazioaz, baita errodajeetarako baliabideak eskaintzeaz ere, eta ia bi urteko lanaren ostean, 64. Donostia Zinemaldian estreinatu dute lana, Velodroman, 3.000 lagunen aurrean.

Hamabi proiektu txikiren batura da, esan bezala, Kalebegiak. Eta ondorengoak dira filmen arduradunak: Asier Altuna eta Telmo Esnal, Isabel Herguera eta Izibene Oñederra, Gracia Querejeta, Daniel Calparsoro, Maria Elorza eta Maider Fernandez, Iñaki Camacho, Ekain Irigoien, Luiso Berdejo, Koldo Almandoz, Borja Cobeaga, Julio Medem eta Imanol Uribe. Hamar minutu inguruko lanak dira, eta aniztasuna eta bizikidetza dituzte, Donostia hiriarekin batera, aztergai.

Egitasmoa oso interesgarria iruditu zait hasieratik. Kultur Hiriburutzak baldintzatu du gaia, kasu honetan, baina beste edozein ere izan zitekeen, eta proiektuak berdin-berdin, edo hobeto, funtzionatuko lukeen. Izan ere, gai komun bat jartzen den unean agerian geratzen da gutako bakoitzak ideia bera bide ezberdin batetik garatzeko duen gaitasuna. Eta hori eskertzekoa da. Gainera, Euskal Herrian punta-puntako zinegile andana badirela erakusteko ere balio izan du.

Gaiekin bezalaxe, film laburrekin ere, oro har, denetik dagoela iruditu zait. Eta ez du zerikusirik egileen izen-abizenekin, ezta esperientzia mailarekin ere, filmaren amaierara arte ez dugulako jakin bakoitza nork egin duen. Bi gustatu zaizkit bereziki, premisa moduan ezarrita zituzten ideia horiek aztertzerako eta pantaila handira eramaterako orduan erakutsi duten originaltasunagatik: La chica de la luz eta Los Angeles Observer.

Lehenak Donostiako kaleetan, gauez, eguzkitako betaurreko eta bestelako jostailu argidunak saltzen dituen emakume txinatar misteriotsuaren erretratua egin du. “Gaua leku bat da”, dio protagonistak, eta leku berezi hori erakutsi digute zuzendariek, ekoizpena baino, muntaketa azpimarratuta. Donostia, gauez, beste leku batean bilakatzen delako.

Los Angeles Observer filmean, ostera, atzerritik mintzatu zaizkigu Donostiaz. Bertakook uste dugunaren aurka, San Sebastian ez baita bakarra munduan. Milaka kilometrora kokatu arren, beste lan askok baino presenteago izan dute hiria laburrean. Eta bi pertsonaia berezi ezagutzeko aukera eman digu, Donostia haien arteko harreman ederraren iturburu bilakatuta. Horrelakoak ere gertatzen direlako.

Honenbestez, ikustera joatea duzue onena. Egitasmoaren koordinatzaile Jorge Gilek asteazkeneko prentsaurrekoan azaldu zuen eran, “espero dugu filma urriaren 14an areto komertzialetara heltzen denean, Zinemaldian piztutako grina mantentzea eta ikusle asko erakartzea”. Merezi baitu gure zinegile kuttunen sormenaz, dosi txikiak handi bilakatuz, gozatzea.

0