igelak-kritika-zinemaldia-zinea-eus-aritz-sorzabal-01Zuzendaria: Patxo Telleria

Urtea: 2016

Herrialdea: Euskal Herria

Garai txarrak dira gizartearentzat. Kale gorrian bizi dira hainbat eta hainbat herritar, eta etxe kaleratzeek ez dute etenik; bankuak hala izateaz arduratuko dira. Hain zuzen ere, banku bateko langilea da Pello Larrea (Gorka Otxoa), eskrupulurik gabekoa, baina bere bizitza egun batetik bestera aldatuko da, iruzur egiteagatik auzipetuko dutenean.

Igela eta eskorpioiaren alegiari zor dio izena filmak, baita istorioaren ardatz izango den kaleratzeen aurkako gizarte mugimenduak ere. Igelak ekintzaileak eta krisiak kolpatutakoak dira; eskorpioiak, bankuak. Hortaz, eguneroko ogi bilakatu den arazo bat fikziora eraman du Patxo Telleriak; surrealismoa, umorea eta egoera korapilatsuak uztartuta, entretenimenduaren izenean, ikasgaiak ematetik urrun. Formula honekin harrera ona izan zuen duela lau urte, Zinemaldian ere, Bypass lanarekin. Bada, bueltan da, baina zuzendari kide Aitor Mazo gabe. Bilbotarra iaz zendu zen, eta hari eskaini dio filma Telleriak.

Gorka Otxoaren neurrira asmatutako pertsonaiak dira Pello Larrea bankaria eta etxerik gabeko Robinson. Bi erregistroak txukun beteko ditu donostiarrak, eta, horrela, pelikularen protagonista nagusi bilakatuko da. Aktoreari buruz ari naiz, pertsonaiei buruz baino gehiago. Izan ere, onerako eta txarrerako, pantaila txikian eta handian ezagututako Gorka Otxoa aurkituko dute ikusleek, bere izaera gordinean; “nire izaera horixe baita”, Pello Larrearen bitartez pelikulan aitortuko duen bezala, igela eta eskorpioiaren alegiari helduta. Onerako dela diot, oso dibertigarriak direlako bere pertsonaiak; txarrerako, halako paperetan preso ote dagoen kezka dudalako.

Aktoreen artean, Euskal Herriko musikari esanguratsuak topatzeko aukera izango dute ikusleek, eta horiek jarriko diote musika filmari. Alex Sardui, Xabi Solano, Ines Osinaga, Francis Diez… aurpegi eta ahots ezagunek dantzan jarriko dute publikoa hainbat unetan, proiekzioa aberasteko. Hala ere, Igelak entretenigarria den arren, gehiago espero nuela aitortu behar dut. Bypass lanarekin gehiago gozatu nuen. Ezuste atsegina hartu nuen orduan. Oraingoan, mailak gora egiteko esperantzarekin joan nintzen zinema aretora, eta, agian, testuinguru horretan uler daiteke liluratuta atera ez izana. Gustuak gustu, beti da atsegina gai, aktore eta lokalizazio hurbilak ikustea pelikula batean, are eta gehiago zinema aretotik irribarre batekin ateraz gero, eta azken hau ziurtatuta du jendeak, hori bai. Ez da gutxi, garai txarrak bizi baititugu, Telleriak irudikatutako fikziozko munduaren beste aldean ere.