Urtea: 2016
Herrialdea: Japonia
Ryota une zailak bizitzen ari da. Eleberri bat idatzi zuen, baina idazle ibilbidea alboratuta du orain, eta detektibe gisa egindako lanetik lortuko duen dirua loterian eta kirol-apustuetan xahutuko du. Horregatik, ezingo dio emazte ohi Kyotori semearen pentsioa hilro ordaindu, eta amarengana joko du gazteak, etxean dituen baliozko objektuak hartu eta bahian emateko. Eskerrak emakumeak umore ona duen! Semearekin arratsaldea igaroko duen egun batean, tifoi batek astinduko du hiria, eta familia osoa Ryotaren etxean geratu beharko da gaua igarotzera. Hizketarako eta sentimenduak adierazteko tartea izango dute orduan.
Donostiak Kore-eda maite du. Izan ere, zinegile japoniar emankorraren lanetako asko Donostia Zinemaldian izan dira azken urteetan, eta bera ere behin baino gehiagotan hurbildu da Euskal Herrira (baita aurten ere). Bilboko Zinebi jaialdiak, halaber, Ohorezko Mikeldi saria eskaini zion 2014an bere lanen originaltasun eta ikuspegi humanistagatik.
After the Storm ez da zinegilearen lan borobilena. Ez behintzat, nire iritziz. Baina Woody Allenen filmekin gertatzen den bezala, Kore-edarenek ere zigilu bereizgarri bat daramate. Eta After the Storm lanak zinegilearen ohiko eskemarekin bat egin du. Hasiera eta amaiera jakinik gabeko filmak dira bereak. Askotan, istorio bati lotutako gertaerak filmeko lehen sekuentziaren abiatzen dira, eta haiek amaitutakoan joaten da pataila beltzera, kredituei lekua egiteko. Kore-edaren lanetan, ordea, filmaren abiapuntua erabat arbitrarioa dela sentitzen dut, eta bukaerak zabalik uzteko joera duela; protagonisten bizitzetako leihoa denbora tarte txiki batez bakarrik zabalduko baligu bezala, barruan gertatzen dena ikusi dezagun, ondoren, berak nahi duenean, berriro ere ixteko, pertsonaiek euren bizitzekin jarraitzen duten bitartean.
Filmaren indargunea elkarrizketak dira. Inozentzia (bikotearen semea), umore azkarra (amona), malezia (aberastu nahi duen semea) eta ontasuna (emazte ohia) islatu nahi izan ditu pertsonaiengan, eta hala, barre egiteko, hausnartzeko, zertxobait hunkitzeko eta oro har, filmaz gozatzeko, aukera eskaini digu ikus-entzuleoi.
Zinemaldia bezalako ekitaldietan gogora etortzen zait betiko eztabaidagaia: egunerokoan zinema komertziala bikoiztuta kontsumitzen ohituta gaudela, eta hizkuntza bakoitzaren tonuek eta adierazteko moduek neurtezina den modu batean aberasten dituztela filmak, bikoizketa bikaina izan arren. Zer esanik ez, japoniera bezalako hizkuntza batean. Pena da. Eta zentzu horretan, pausuak ematen jarraitzeko premia dago. Pixkanaka.