pedalo-zinemaldia-kritika-aritz-sorzabal-zinea-eusZuzendaria: Juan Palacios

Urtea: 2016

Herrialdea: Euskal Herria

Zinemagile hasiberri batek hiru lagunen itsas bidaiaren jarraipena egingo du lehorretik, kamera soinean, euskal kostaldeko errepideetan barrena. Hain zuzen ere, Joseba, Jon eta Eneko Hendaiatik abiatuko dira bigarren eskuko pedalo baten gainean, Bilbora iristeko asmoz, 150 kilometroko itsas zeharkaldi bat osatzeko erronkarekin. Zinemira sailean proiektatu dute lana, eta harrera ona jaso du publikoaren aldetik.

Juan Palaciosen lehen film luzea ezuste atseginez beteta dago. Hasteko, aurrekaririk ez duen road movie fresko eta xume bat da. Esango nuke pedalo gainean egindako bidaia baten kontakizunik ez zuela ezagutzen zinemak, eibartarrak bere lagunen abentura pantaila handira eraman duen arte. Hortaz, modu batean edo bestean, aitzindaria izatearen aitortza merezi du filmak.

Ezustea ere bada Palaciosek erakutsitako umiltasuna, ez zinemagile gaztea umila ez delako, sortzaileek publizitate txarra izan ohi dutelako baizik, egoa dela eta ez dela. Kasu honetan, zuzendariak izaera poetikoa eman dio lanari, off ahotsa eta ingurunearen irudiekin, baina ez du inolaz ere itsas zeharkaldiaren trama zapaldu. Bi bidaia direla esango nuke: alde batetik, nagusia, hiru lagunek gauzatutako erronka; eta bestaldetik, zuzendariaren berarena, errepidez, pedaloari lehorretik jarraipena egiteko asmoz osatutakoa. Naturala, lagun artekoa, bata; poetikoa, formalagoa, bestea. Hala, pelikulak berak ez ezik, Palaciosek ere aitortza merezi du, bakarrizketari lehentasuna emateko tentaldirik ez duelako izan. Hala dirudi kanpotik, eta detaile hori ez da makala, egitasmo zinematografikoaren ardura osoa berea izan dela kontutan izanik. Antza, Copenagheko auzo ilunetan, bakardadean, ez da galdu.

Hori bai, ezuste guztien artean nagusiena zuzendariak eta pedalo gidariek eurek hartutakoa ote den susmoa dut, pelikula lehen aldiz ikustean. Kamera grabatzen egongo ez balitz bezala ariko dira Joseba, Jon eta Eneko filmean, eta ziur naiz eurek ere harrituta ikusiko zutela emaitza. Hain justu, bapatekotasun hori izango da ikusleak gehien baloratuko duena, 150 kilometroko erronka eroa erdiestea baino gehiago. Hala, barreak ziurtatuak daude, une hunkigarriak ahaztu gabe; aitona arrantzalearen heriotza, kasu.

Hitz batean, lau protagonisten arteko laguntasuna nabarmenduko nuke guztiaren gainetik. Bizikidetzak ekarri ohi dituen arazoek ez dute elkartasuna eta talde izaera apurtuko, ajeak aje, matxurak matxura, desadostasunak desadostasun. Lagun hauek ongi baino hobeto dakite harremanak landu egin behar direla, egunero pedalei eraginez, lotura sendo eta osasuntsu mantendu ahal izateko. Eta harremanetaz ari garela, Larraitzek ikusiko al zuen fima?