Urtea: 2016
Herrialdea: Erresuma Batua
Daniel Blake 59 urteko zurgina da. Bihotzekoa izan du, eta sendagilearengana joan da. Honek lanik ez egiteko esango dio, ongi osatu bitartean, eta Blakek gizarte-laguntza eskatu behar izan du bere bizitzan aurrenekoz. Gizonaren egoera aztertuko duen funtzionarioak, baina, beharren aritzeko gai dela esango dio, sendagileak baimenik eman ez dion arren. Eta isunik ez jasotzeko, lana bilatzera behartuko du. Hala, bera bezala labirinto burokratiko amaiezinean harrapatuta dagoen Rachel ezagutuko du; bi seme-alaba ditu, eta harrera etxe batean bizitzeaz nazkatuta, Londrestik 450 kilometrora dagoen etxera joatea onartu du. Ez du egunerokoan aurrera egiteko dirurik, ezta lanik eta ikasketarik ere. Danielek eta Rachalek elkarri lagunduko diote, detaile txikien bidez elkarren ezinegona arinduz.
Cannesko zinema jaialdian Urrezko Palmorria eskuratu ostean eta Torontoko jaialditik igaro berritan heldu zaigu Ken Lochen berriena Donostiara. Perlak atalean aurkeztu dute, eta ikusleen saria jasotzeko hautagaia da. Hautagai sendoa, esango nuke.
Drama gogorra da I, Daniel Blake, baina ez digu ezer berririk kontatuko. Zoritxarrez, krisi ekonomikoak eta haren ondorengoek filmekoa bezalako ehunka istoriorekin bete dituzte egunkarietako orrialdeak azken urteetan. Immunizatu egin gara. Eta dagoeneko ez digu ezerk barrena astintzen. Gaur, ostera, malkotan amaitu dut filma, protagonistek sentitzen duten ezintasunak kutsatuta. Izan ere, mendebaldeko ongizate-gizartearen tranpa du aztergai 90 minutuko lanak. Eta funtsean, denok izan gintezke Daniel Blake.
Penaz hartu dut amaiera. Eta ez istorioagatik, nire aurreikuspenak bete direlako baizik. Filmaren erdialdera egindako kiniela asmatu dut. Eta bukaera irekiagoa nahiago nukeen. Aukeran eman izan balidate, azken hamar minutuak kenduko nituzke. Eta ikusle bakoitzak erabaki dezala Blake-i zein agur eman, sistemak aspaldi eraitsi baitu gizona, azken hatsa bota baino dezente lehenago.
Istorioak kontatzen abila da Loach. Bere zinemagintza gizarteari hertsiki lotuta egon izan da beti, eta “zer?” galderaren erantzunk arduratu du, “nola?”-renak baino gehiago. Horregatik, I, Daniel Blake filma ere opari-paperik gabeko lana da; dagoena kontatu du, sinplea eta naturala denak berezkoa duen edertasunarekin. Eta emaitza latza bezain ona izan da.