Euskal zinemagintzan diharduten dozenaka lagun bildu dira bart Victoria Eugenia antzokian 64. Donostia Zinemaldiko Euskal Zinemaren Gala ospatzeko. Saioko sari nagusia, Euskal Zinemaren Zinemira Saria, Ramon Barearentzako (Bilbo, 1949) izan da, eta Madrilen antzerki obra bat aurkezten ari denez, Irene Bau aktoreak jaso du garaikurra bere izenean. Ostean, EiTBk ekoitzitako Buscando a Agirre dokumentala eta Patxo Telleriaren Igelak filma eskaini dituzte.
Jon Plazaola aktoreak gidatu du aurtengo Euskal Zinemaren Gala. Aktoreak, ekoizleak, zuzendariak, soinu teknikariak, makillatzaileak, argazki zuzendariak… izan dira, ohi bezala, galako gonbidatu nagusiak, eta guztien aurrean, Ramon Bareari omenaldia egin nahi izan diote Donostia Zinemaldiak, EiTBk, eta EPE-APV eta IBAIA euskal ekoizleen elkarteek. Horretarako, zuzendari, aktore, ekoizle eta gidoigilearen lan esanguratsuenen laburpen bideoa eskaini dute lehenik, eta ostean, Irene Bau aktorea igo da eszenatokira saria jasotzera. Madrilen lanean ari den Bareak eskerrak emateko bideoa bidali du.
Segidan, EiTBren ekimenez osatutako Buscando a Agirre dokumentala aurkeztera igo dira Edu Barinaga ETBko zuzendaria, Francesc Escribano filmeko zuzendaria eta Minoria absoluta ekoizpen etxeko ordezkaria, eta Maite Ibañez dokumentalaren gidoilari eta New Digital Media Euskadiko ordezkaria. Eusko Jaurlaritzaren eta Jose Antonio Agirre lehendabiziko lehendakariaren 80. urteurrenaren harira osatutako bost dokumentaletako bat da honakoa, eta Agirreren historia personal eta profesionalaren erretratua egiten du.
Daniel Grao aktoreak Agirre lehendakariaren papera antzezteko agindua jasoko du dokumentalean, eta lana prestatu asmoz, Agirreren inguruko informazioa emango dioten hainbat lagun elkarrizketatuko ditu: Amaia eta Aitor bilobak eta Xabier iloba; Alberto Santana historialaria; Jose Angel Iribarr Athletic-eko jokalari eta entrenatzaile ohia; Iñaki Anasagasti eta Andoni Ortuzar politikariak; Xabier Irujo historialaria; eta Leyre Arrieta Deustuko Unibertsitateko iraslea, besteak beste.
Dokumentalak formatu berritzaile bat darabil, eta ikus-entzuleek emaitzaz gozatzeko aukera izan zuten ostean.
‘Igelak’, gala isteko
Eta azkenik, Patxo Telleriak zuzendutako Igelak filmaren txanda heldu da. Gorka Otxoa aktore nagusiarekin batera igo da zinegilea eszenatokira, eta umorea lagun, lantalde osoari eskerrak eman dizkiote, Aitor Mazo gogoan. Filmak banku sukurtsal bateko zuzendariaren istorioa pantailaratuko du. Delitu ekonomikoak tarteko, atxilotu egingo dute, baina ihes egitea lortuko du, eta “igelak” ezizena darabilen kaleratuen elkarte batean amaituko du. Musika, umorea eta drama ukituak ez dira faltako Telleriaren lan berrian.
Filma 64. Donostia Zinemaldiko Zinemira sailaren barruan aurkeztu dute, eta Euskal Zinemaren Irizar saria jasotzeko hautagaia da.