64. Donostia Zinemaldiko egitarauaren baitan, emakumeek sektorean duten egoeraren berri emateko agerraldia egin zuten atzo, irailak 20, Donostiako Keler aretoan. EAEko, Espainiako eta Europako ikerketa bana oinarri hartuta, hainbat datu ezagutzera eman zituzten (H)emen Her(e) elkarteko Izaskun Arandiaren gidaritzapean.

emakumeak-ikus-entzunezkoetan-zinea-eus

Gauza jakina da emakumeek ikus-entzunezko sektorean duten ordezkaritza maila eta ikusgarritasuna, beste sektore askotan bezalaxe, oso urria eta eskasa dela. Egoeraren larritasuna agerian uzteko eta konponbide errealak planteatzeko asmoz, Kulturaren Euskal Behatokiak, Espainiako CIMA elkarteak eta EWA European Women’s Audiovisual Network sareak ikerketa bana egin dute azken hileetan, eta horien berri eman zuten atzo Donostiako Zinemaldian egindako agerraldian.

Saioari hasiera emateko, Izaskun Arandia (H)emen Her(e) elkarteko presidenteak emakumezko profesionalei zuzenduta iragan martxoan kaleratu zuten plataformaren datuak ezagutarazi zituen: 130 emakumezko profesionalek eta  20tik gora kontratatzailek eman dute izena azken sei hilabeteetan.

EAEko ikerketa

Kulturaren Euskal Behatokiak, Lourdes Aranguren eta Aintzane Larrabeti ordezkarien bidez, Eusko Jaurlaritzaren Kultura Auzolanean programarako osatzen ari diren Emakumeen Egoera Ikusentzunezkoetan: Diagnostiko eta Proposamenak ikerketaren berri eman zuten ostean.

Azken emaitzak urte amaieran jakinaraziko dituztela-eta, ezin izan zituzten datu askok aurreratu, baina ikerketa maila kuantitatibo eta kualitatiboan egiten ari direla azaldu zuten. Bigarren zati hori Miren Manias ikerlaria ari da osatzen, eta euskal ikus-entzunezko sektorean diharduten adin ezberdinetako hamabi emakume elkarrizketatu ditu. Ondoren, Ane Muñoz kazetari eta zinema zuzendariak, bi txostenak (kuantitatiboa eta kualitatiboa) jaso eta aztertuko ditu, proposamen zehatzak erredaktatu eta aurkezteko.

Dena den, Behategiko arduradunek pare bat datu aurreratu zituzten atzoko saioan:

  • Ikus-entzunezko ekoizpen enpresetan diharduten 10 langiletik 4 emakumezkoak dira, eta aldiz, 4 arduradunetik 3 gizonezkoak dira.
  • Heziketari dagokionean, ostera, ikasketa profesionalak egiten dituzten 10 lagunetik 3 dira emakumezkoak, eta unibertsitate mailako ikasketetan, 10etik 6.

CIMAren ikerketa

CIMA Ikus-entzunezkoetan eta Zinean diharduten Emakumeen Elkartea da, eta 250 kide baino gehiago ditu. 2015ean egindako azterketaren emaitzak azaldu zituen atzo Nieves Maroto elkarteko zuzendaritza batzordeko kideak, Goya sarietako datuak aintzat hartuta. Iaz 143 film aurkeztu zituzten Espainiako zinema sari preziatuenen deialdira, eta 1.876 lagunek hartu zuten parte horietan.

Bada, ikerketatik ateratako emaitzen arabera, genero arteko bereizkeria bertikala eta horizontala da. Bertikala, kargu garrantzitsuetan gizonak direlako nagusi; eta horizontala, bigarren mailako postuetan ere, emakumeen jarduna makillajera, pelukeriara, jantzietara eta produkzio beharretara mugatzen delako, neurri handi batean.

EWAren txostena

Azkenik, iragan Berlinale zinema jaialdian aurkeztutako Where are the women directors in European films? Gender equality report on female directors (2006-2013) with best practice and policy recommendations txostenaren inguruan mintzatu zen EWAko zuzendari Alessia Sanoglioni. Ikerketak Europako zazpi herrialdetako datuak bildu ditu, eta bertatik eratorritako ondorio nagusia ondorengoa da: emakumezko talentua egon badago, baina sormen potentziala eta perspektiba ez dira europar audientzietara heltzen.

Ondorioz, biztanleriaren erdiaren ikuspuntua galdu egiten dela nabarmendu zuen.