Urtea: 2016
Herrialdea: Euskal Herria
Transatlantiko batean egindako itsas bidaia, banpiroak, maitasuna, zinemari egindako begi-keinuak eta beste hainbat istorio ekarri ditu Koldo Almandozek Zabaltegi-Tabakalera sailera, Zinemaldiaren baitan. Bram Stoker, Murnau, Oscar Wilde eta Nosferatu izango ditu hizpide, Florence Balcomberen (Maider Intxauspe) presentzia aztoragarria tartean, Joserra Senperena eta Ignacio Bilbaoren musika ahaztu gabe. Esperimentalegia zine konbentzionaletik ikusita eta konbentzionalegia, zinema esperimentalaren ikuspuntutik. Hala aurkeztu du proposamena zuzendari donostiarrak.
Koldo Almandozek lortu du; nirekin bai, behintzat. Puzzle baten piezak jarri ditu ikuslearen eskura, publikoak berak jos ditzan, gogoeta oinarri. Hain zuzen ere, horrela ibili naiz azken orduetan, gogoeta eta gogoeta, Untzi fantasma lanari zentzu bat bilatzen. Ez naiz zentzu zinematografikoari buruz ari, bizitzaz baizik, hor baitago gakoa: interpretazio ugari egin daitezke pelikulari buruz, zilegiak guzti-guztiak, baina norberaren bizipen, oroitzapen eta errealitateak egingo ditu desberdin, aberats. Hortaz, Almandozek barne lan hori egiteko proposamena luzatuko dio ikusleari; hori bai, hortik aurrera, norberak erabakiko du noraino arakatu eta nola eragin. Nik, nire aldetik, esperimentazioaren bidea hartu dut. Hona hemen nire bitakora kaiera.
24 ordu, Pelikula Ondoren (P. O)
Egun oso bat behar izan dut filma prozesatzeko, banpiroak garela onartzeko. Handik eta hemendik edan ohi du gizakiak, atsedenik gabe. Sorkuntza bat beste batetik dator, ez baitugu ezer ezeresetik asmatu: Dracula Carmilla nobelatik, Nosferatu Draculatik, kritika hau edozein bitakora kaieratik. Aringarri gisa esan beharra dago sorkuntza bakoitzak bere bidea duela; hor dago aberastasuna.
27 ordu, P.O
Transatlantiko batean zeharreko bidaia bat eginez gero, ontzi gainean igaroko nituzke gauak. Nabigazioaren isiltasun zaratatsua aukeratuko nuke, aterpeko aisialdi jendetsu eta beldurgarritik urrun, bakardadean. Florencek erakutsi dit bidea. Betaurreko beltzak noiz kenduko zain nago oraindik.
30 ordu, P.O
Aztoratuta esnatu naiz gauaren erdian, Nosferatu ohearen hanketan nuelako sentipenarekin. Edo Murnau zen, bururik gabe? Amesgaiztoak ere kopia hutsak dira, baina egile eskubideen auzietatik urrun.
36 ordu, P.O
Film mutu bat da. Oraintxe ohartu naiz, atzerapenarekin. Hain justu, atzerapenarekin iritsi zaizkit hainbat detaile, pantaila begira 67 minutu egon arren, arreta bizian. Filma amaitu ote den zalantza daukat. Nire buruan ez, behintzat. Agian, horixe da proposamenaren beste balioetako bat; ikuslearen esku dagoela pelikula noiz amaitu erabakitzea. Bilaketak ez baitu etenik, ezta mugarik ere.
37 ordu, P.O
“Ontzi guztiak jaio dira hondoratzeko”, dio filmak; zinema kritikak ere bai. Hori horrela izanik, ezer galtzeko ez dudanez, kritika fantasma hau idazteari ekingo diot.