Urtea: 2016
Herrialdea: Txile
Iraupena: 107 min.
Pablo Larrainek karrera bizkorra eta arrakastatsua osatu du azkeneko urteetan. No, El club, Neruda eta Torontoko Zinemaldian saritu berria izan den Jackie film estatubatuarra, bere azkeneko lana.
Iaz Donostiako Zinemaldian Perlak atalean eskaini zuten El club gogor, suntsigarri eta aldi berean ederraren ostean, Txilen eta mundu osoan mitoa den Neruda dakarkigu oraingoan. Iazkoan bezala, Guillermo Calderón da gidoiaren arduraduna; Nobel saria jaso zuen poetaren kasuan, ordea, bakarka.
Nazioarte mailako koprodukzio handia osatu dute Larrain anaiek proiektuari heltzeko, eta, Jackie ekoizpenarekin gertatu den bezalaxe, Txileko mugak patiperro moduan zeharkatu eta leku bat egin dute munduko sortzaile nagusien artean; eta koprodukziora deituek hala frogatu dute.
Filma ikusi aurretik, izenburua irakurriko duen edonork pentsa dezake ausardia behar dela halako pertsonaia handi bati heldu eta haren bizitza kontatzeko, eta beharbada horrexegatik atera dira zapuztuta hainbat lagun zinematik, ez baitu poeta komunista handiaren bizitza kontatzeko batere asmorik. Izan ere, garai oso zehatz bat islatzen du: senatari zela, 1948an edo, komunisten egoera salatu eta jasan behar izan zuen jazarpearen aurrean, Argentinara joz Parisa ihesi egin zuen ibilbidea baizik.
Ez, ez da edonork, izenburua irakurrita, espero dezakeen filma. Baina hori, oztopo izan beharrean, abantaila da Larrainentzat, eskuak libre baitauzka, historiari muzin egin gabe, nahi dituen mundua, atmosfera, giroa eta pertsonaien arteko harremanak osatzeko.
Jazarpen-filma dela esan dezakegu, lehendik ere Larrainekin lan egin izan duten bi aktore bikain protagonisten rolean sartuta: Luis Gnecco erraldoia Pablo Nerudaren larruan eta Gael García Bernal, zoragarri, atzetik duen Oscar Peluchonneau poliziaren azalean.
Atmosfera giroko filma dela esan daiteke. Zuzendariak polizia eta poeta hartu ditu protagonistatzat, bata bestea bezainbeste, bata gabe bestea ezin ulertu. Ez du Nerudaren historia kontatu, bai ordea haren izateko era, haren presentzia, haren zaletasunak, harremanak eta ingurukoekin zeukan jokatzeko modua. Hala, poetaren izaera kolore askotako akuarela batek osatu du. Eta asko hurbildu gara hark besteengan zuen eraginera, karismara. Baita bere eguneroko miserietara ere.
Beste aldean, berriz, polizia obsesionatua, gaixotasuneraino kutsatua. Eta haren pentsaera, haren miresmena poetari, mitorari, pertsonari.
Errealitatea eta fikzioa nahasten dira koadro honetan; hala, surrealismotik edo errealismo magikotik gertuago dago errealitate gordinetik baino. Eta ikuspegi horren arriskuaren aurrean, zuzendaria garaile atera da, istorioaren pultsua zainduta, bilakaera bikain eramanda eta garai hartan Txilen gertatu zirenak, zipriztinez, bikain kontatuta.
Gneccoren eta García Bernalen lana txalotzeko modukoa da. Lan izugarria egin dute. Bere garai emankor eta onenean dagoen zuzendariak bikain zukutu ditu maila handiko bi aktoreak eta, haiekin batera, Mercedes Moranek erreplika ezin hobea eman dio poetaren pertsonaiari emaztearena egiten. Luxua halako aktoreekin lan egin ahal izatea.
Amaiera latzaren poetikotasuna, edertasuna, garbitasuna eta goxotasuna goi mailakoak dira, maisuek bakarrik margotzen dakiten bezala emana.
El club lanaren ostean, egoera erreal eta gogor batetik mundu ia oniriko batera eraman gaitu Larrainek, eta ederki erakutsi digu era askotako erregistroak bikain erabiltzen dakiela.
Gomendagarria.