Euskadiko Filmategia euskal zinegileen inguruan osatzen ari den liburu-bildumak liburuki berria izango du gaurtik aurrera: Juanma Bajo Ulloa. Cine en las entrañas. 64. Donostia Zinemaldiaren egitarauaren barruan aurkeztu dute Jesús Angulo eta Antonio Santamarinak izenpetutako lana, eta idazleez gain, zinegile gasteiztarra eta Josean Fernandez Euskadiko Filmategiko zuzendaria bertan izan dira.

juanma-bajo-ulloa-liburua-zinea-eus-aurkezpena

“Lehen unean mesfidati hartu nuen nire ibilbideari buruzko liburua idazteko kontua; halakoak zinegile baten ibilbidearen amaieran egiten direla pentsatu izan dut beti (agian nire ibilbidearen amaiera heldu da?), eta gainera, uste nuen nik esateko nituenak kontuan hartu gabe idatziko zutela. Baina ez da hala izan, eta Euskadiko Filmategiko arduradunei zein Jesus eta Antoniori eskerrak ematea besterik ez zait geratzen”, azaldu du Juanma Bajo Ulloak (Gasteiz, 1967) gaurko agerraldian.

Juanma Bajo Ulloa. Cine en las entrañas du izena Angulo eta Santamarinak idatzitako liburuak, eta egileek aditzera eman dutenez, zinegileak material grafiko andana jarri du haien eskura, elkarrizketekin ez ezik, liburua bestelako edukiekin ere hornitzeko. Haiek biltzeko sendiaren laguntza izan duela aitortu du gasteiztarrak.

Beti era askean lan egin izan duela azpimarratu du, horixe baita bere aldarria. Eta zinegile lanetan ariko zela sekula pentsatu ez bazuen ere, pozik dago bihotzetik eta erraietatik egin duelako lan; “hori baita kultura, errai eta bihotzetik irteten dena”.

Dozenatik gora lan

Juanma Bajo Ulloari eskainitako liburuaren aurretik, Pedro Olea, Imanol Uribe, Javier Aguirresarobe, Elías Querejeta, Eloy de la Iglesia, Montxo Armendariz, Antonio Mercero, Enrique Urbizu, Julio Medem, Antxon Eceiza eta Alex de la Iglesia zinegileei buruzko lanak ere kaleratu ditu Filmategiak. Gainera, Fernandezek aurreratu du urrian eta azaroan Bajo Ulloari eskainitako zikloa egingo dute Donostian eta Gasteizen.