Donostiako Zinemaldian buru-belarri ari gara aste honetan zinemazaleok. Aurtengo FIPRESCI saria Maren Aderen Toni Erdmann filmak jaso du, eta zinegilea da saria lortzen lehen emakumezkoa, 1999an sortu zutenetik. Maiz entzuten dugu emakume zuzendari gutxi daudela zineman, edo gutxienez, emakumeen lana ez dela askotan ezaguna izaten. Horregatik, Maren Aderen lorpena aitzakiatzat hartuta, Zinemaldian aurkeztuko dituzten filmen atzean zenbat emakume dauden jakin nahi izan dut. Eta Sail Ofiziala, Perlak, Zuzendari Berriak, Horizontes Latinos, Zabaltegi-Tabakalera eta Zinemira sailak behatu ditut horretarako. Nik pentsatu bezala, sail garrantzitsuenetan emakume zuzendari gutxi daude, baina besteetan, zorionez, ageri dira andrazkoak.
Has gaitezen Sail Ofizialetik. Bertan, film bakarrak du emakumezko sinadura. Zinemaldia zabaldeu zuen La fille de Brest da. Emmanuelle Bercot zinegileak Urrezko Maskorra eskuratzeko lehian hartuko du parte hala. Filmak Irène Frachonen istorioa kontatuko du, Mediator eskandaluaren salatzailearena. Brest-eko (Frantzia) ospitaleko biriketako espezialista denak, lotura zuzena aurkitu zuen zenbait heriotza kasuren eta Estatuak onartutako sendagai baten artean. Berak bakarrik egin zuen borroka, egia argitara atera zedin.
Perlak sailean, ostera, andrazkoek zuzendutako bi film ditugu: arestian aipatu dudan Maren Aderen Toni Erdmann, eta Mia Hansen-Løveren L’Avenir. Hansen-Løvek, hain zuzen, zuzendari onenaren Zilarrezko Hartza lortu du aurten Berlinen film honi esker. Biek ala biek oso itxura interesgarria dute.
Gainerako sailei dagokienez, emakumezko zuzendarien filmak topatzea errazagoa da. Zuzendari berriak sailean, esaterako, Ana-Felicia Scutelnicuren Ani?oara, Maysaloun Hamouden Bar Bahar, Sofia Exarchouren Park, Alexandra Balteanuren Vanatoare, Lee Hyun-juren Yeon-ae-dam eta Nely Regueraren Maria y los demás filmak izango dira ikusgai. Azken honek, gainera, Mariaren bizitza kontatuko digu; hamabost urte zituela ama hil zitzaion, eta harrezkero, bera arduratu da aita eta neba-arrebak zaintzeaz. Arduratsua eta kontrolatzailea, familiaren zutarria izan da beti, eta horrekin harro dago. Horregatik, aitak ustekabean bere erizainarekin maitemindu eta ezkondu egingo dela jakinarazten dionean, bizitza gainbehera datorkiola sentituko du Mariak. 35 urterekin eta bikote-harreman egonkor bat eratzeko ezgauza, bere patua aldatzen ausartu beharko da.
Horizontes Latinos sailean, halaber, lau emakumezko zuzendari topatu ditugu: Milagros Mumenthaler, La idea de un lago filmarekin; Eliane Caffér Era o Hotel Cambridge lanarekin; Ana Cristina Barragán, Alba film luzearekin; eta Pepa San Martin, Rara ekoizpenarekin. Azkena, gainera, Sebastiane Latino sarirako hautagaia izan da. San Martinen filmak Sararen istorioa azalduko du. Gurasoak banandu zirenetik, amarekin bizi dira Sara eta ahizpa txikia. Amaren bikotekide berria emakume bat da. Familiaren eguneroko bizitza beste edozein familiarenaren oso antzekoa da, baina ingurukoek ez dute hala ikusten. Horrez gain, Sarak hamahiru urte beteko ditu laster, eta dena gainera datorkiola irudituko zaio: gorputza aldatzen hasi zaio, lehen aldiz norbait du gustoko, eta, hori gutxi balitz, gurasoekin leialtasun-liskar bat izango du.
Zabaltegi- Tabakalera saila aztertzen badugu, bestetik, andrazko zinegileen hainbat lan topatuko ditugu. Lehen aldiz saria izango duen sailean dira Hayoun Kwonen 489 years, Marilia Rocharen A cidade onde envelheço, Paz Encinaren Ejercicios de memoria, Deborah Stratmanen The Illinois Parables eta Zinea.eus atarian blog bana duten Las chicas de Pasaik kolektiboko Maria Elorza eta Maider Fernandez Iriarteren Gure Hormek. Film laburra da Elorza eta Fernandez Iriarterena, eta Kimuak deialdian hautatu dute. Tabakaleran martxoan antolatutako Horma/pantaila ikus-entzunezko egitasmoan aurkeztu zuten lehen aldiz. Dokumentalak etxeko hormak hartu ditu abiapuntutzat, emakumeen esparruari buruzko gogoeta egiteko.
Eta azkenik, Zinemira sailari emango diogu errepasoa. Bertan hainbat emakume euskaldunen lanak ikusteko aukera izango dugu, baina Maider Oleagaren Berlin. Iragan gunea Berlin da lehian sartuko den bakarra. Helena Tabernaren Acantilado, Rusudan Glurjidzeren Skhvisi sakhli, Olatz González Abrisketa eta Jørgen Lethen Pelota II eta Iratxe Fresnedaren Irrintziaren oihartzunak dira gainerakoak. Fresnedaren dokumentalak beste emakumezko zuzendari baten lana ekarriko digu pantaila handira, eta Mirentxu Loyarte zuzendari nafarraren bizitza kontatuko digu. Filma ikusteko ilusio berezia dut, eta irailaren 23an izango da lehen pasea Principe zineman.
Zinemaldiaren programazioa ikusi ostean, beraz, ondorio argi bat atera dut: sail nagusietan emakumezkoen lanak oraindik eskasak badira ere, belaunaldi berrien artean sarriago topa ditzakegu andrazkoen ekoizpenak. Ikusteke dago, baina, belaunaldi berri horiek sail indartsuenetara jauzi egingo ote duten urte batzuen buruan. Bitartean, haien zinemaz gozatzeko aukera izango dugu egunotan Zinemaldian.