Urtea: 2016
Herrialdea: Frantzia
Filmeko lehen ordu laurdena Parisko metroan igaroko dugu. Nerabe talde bat urduri dabil, batetik bestera, tren eta geraleku batzuetan topo egingo dute, berriro bakarrik jarraitzeko. Elkarri begiratuko diote, mugikorrari ondoren, eta ezarritako plana jarraituko dute segidan. Ondo landutako ekintza-terrorista burutzeko eguna da, eta nork bere egitekoa du. Egin beharrekoak egin ostean, eta Paris erdigunea “lehertarazita”, merkataritza zentro batean elkartuko dira berriro, gaua igarotzera, susmorik ez pizteko.
Proposamen arriskutsua da Bonellorena. Frantziako hiriburuan iragan azaroan jazotako eraso terroristen aurretik abiatu zuen proiektua, eta Cannesko zinema-jaialditik kanpo geratu zen, hainbat iturriren arabera, bertan eskaintzera “ausartu” ez zirelako. Horregatik, Donostiako Sail Ofizialean ikusi ahal izan dugu.
XXI. mendeko eta jatorri anitzeko gazte talde bat da filmeko protagonista. Itxuraz, nerabe jantziak dira, eta sistemaren aurkako eraso bat egin nahi dute haien haserrea erakusteko. Ondo neurtutako plana prestatuko dute horretarako, eta Paris erdiguneko lau lekutan jarriko dituzte lehergailuak. Ekintzak martxan direnean hasten diren filmak gustuko ditut, eta Bonellorena horietako bat da: plana garatzen ari da gu iritsi orduko. Ondoren, flashbacken bidez, ikuslearentzat garrantzitsuak diren iraganeko hainbat pasarte tartekatuko ditu tramak aurrera egin ahala, unean-uneko tentsioa eta erritmoa galdu gabe. Eta hain zuzen, halako egoerek berezkoa duten tentsio horrek pantaila zeharkatuko du filmaren lehen zatian; bigarrenean, ordea, behera egingo du, emaitza jakiteko grinak amaierara arte iraungo badu ere.
Filmaren azaleko irakurketa egitea oso erraza da. Eta hori ekidetera dator bigarren zatia. Kontsumo gizartearen doktrinen pean hezitako gazteen ahulezia eta Estatuko indarren jardun zapaltzailea agerian geratu dira orduan. Gazteek plana garatzerakoan erabilitako zorroztasun eta zuhurtzia guztia desagertu egingo dira, kontraesanei lekua egiteko.
Baina aitortu beharra dut narrazioak erakarri nauela gehien. Ahal beste mugatu du kontaketa Bonellok, ekintzaren egunean bertan hasi eta planaren amaiera zehatzean bukatuta. Ez dira hamabi ordu baino askoz gehiago igaro. Era berean, ez zaigu gazteen jatorriaz mintzatu, eta planaren arrazoiak ikusleak ondorioztatu ditzan utzi du, detaile gehiegirik eman gabe. Elkarrizketa laburrekin nahikoa izan du. Zertarako gehiago?