ma-vie-de-courgette-zinemaldia-zinea-eus-02Zuzendaria: Claude Barras

Urtea: 2016

Herrialdea: Suitza eta Frantzia

Courgette (euskaraz, Kalabazin) mutiko ameslaria da. Aita superheroi gisa irudikatzen du, eta ama alkoholikoarekin bizi da. Hain zuzen, amaren erasoaldi batetik babesten ari dela, eskaileretatik bota eta hil egingo du istripuz. Polizia batek hartuko du orduan txikia, eta umezurztegi batera eramango du, beste bost neska-mutilekin bizitzera. Bertako haurrek ondo definitutako rolak dituzte egoitzan, baita Courgettena bezain historia gogorrak bizkar gainean ere, eta buru gisan aritzen den Simonek ez dio harrera onik egingo mutiko berriari. Baina pixkanaka, taldean sartzea lortuko du, eta kide berri baten etorrerarekin, bertako bizimodua zeharo aldatuko da.

Ma vie de Courgette Cannesko zinema jaialdian aurkeztu zuten urte hasieran, Errealizatzaileen Hamabostaldian, eta ekain hasieran Annecyn (Frantzia) egiten duten animaziozko filmen jaialdi ezagunean film onenaren saria eta ikus-entzuleen garaikurra eskuratu zituen.

Istorioari originaltasuna falta zaio, bai. Umezurztegi eta harrera-etxeak ipuin askoren abiapuntuan ageri dira, eta bertan egokitzeko zein familia bat topatzeko zailtasunak dituzten haurrei buruzko dozenaka kontakizun topa ditzakegu literaturan zein zineman. Baina badira istorioak kontatzen asmatzen duten pertsonak. Eta kasu honetan, Barrasek halaxe egin du: istorio txiki eta arrunt bat kontatzen asmatu du, ikus-entzuleekin konektatzea lortuta. Eta horri esker, filmak funtzionatu eta bere helburua lortu du.

Stop motion teknikak nire arreta erakarri izan du betidanik. Plastilinazko panpinei mugimendua ematea ikaragarrizko lana iruditzen zait, are gehiago, filmean ikusten diren elementu guztiak banan-banan eta eskuz sortu behar izatea. Pazientzia behar da horretarako, tonaka. Eta horregatik, edozein istorio teknika honen bidez kontatzera ausartzen den edonork, nire miresmena merezi du. Dena den, Ma vie de Courgette hori baino askoz gehiago da, ipuin gazi-gozoa baitu atzean.

Umezurztegiko neska-mutiko bakoitzaren nortasuna oso ondo marraztu du Barrasek, eta haien errealitateak, burutapenak, elkarrizketak eta bat-bateko erreakzioak oso errealak dira, adin horretako haur talde batekin hamar minututik gora egiten dituen edonork identifikatzeko modukoak. Nork bere zauria du zabalik, baina elkarrekin daudenean talde bat osatzen dute, eta horrek aurrera egiteko balio die. Ezin ahaztu, era berean, poliziaren figura. Oso gutxirekin, asko esango du. Eta batzuen mesedetan borondate onenarekin aritzen denak ere, besteengan galerak eragin ditzakeela erakutsiko digu. Konponbidea duten galerak, oraingoan, malkotan amaitu behar genuela zirudien arren, aretoko argiek irribarre batekin harrapatu gaituztelako.