Urtea: 2016
Herrialdea: Frantzia
Nathalie filosofiako irakaslea da, eta historiako filosofo ezagunen gaineko liburuak argitaratzen ditu. Atentzio eske ari den amak susto bat baino gehiago emango dio, eta eskolatik hura zaintzera joan beharko da tarteka. Gainera, orain urte batzuk kaleratu zuen liburu-bilduman aldaketa garrantzitsuak egingo dizkiotela azalduko dio bere editoreak, salmentak helburu. Eta ikasle izan zuen mutil gaztearekin harreman estua mantentzen jarraituko duen arren, pixkanaka beragandik aldentzen ariko dela sumatuko du. Horri guztiari, senarrak beste emakume bategatik utziko duela gehitu behar zaio, 25 urteko harremanaren ostean. Honenbestez, goizetik gauera, bakarrik ikusiko du bere burua Nathaliek. Eta bakarrik, aurrera jarraitu beharko du.
Berlingo zinema jaialdian Zilarrezko Hartza eskuratu zuen Hansen-Lovek drama intimista honi esker, eta kritika bikainak eskuratu ditu nazioarteko adituen partetik.
Isabelle Huppert aktoreak ederki antzeztutako protagonista da istorioaren motorra. Nortasun handiko emakumea da, intentsoa, beltzetik zurira doan horietakoa. Eguneko minutu guztiak aprobetxatzen ditu, eta erritmo frenetiko hori filmaren muntaira eraman du zuzendariak, Nathalieren eguneroko bizitzako pasarte batetik bestera azkar jauzi eginez. Beharbada nahikoa da horrekin, ez ditugu detaile gehiago behar trama ulertzeko; baina niri denbora pixka bat falta izan zait sekuentzia batzuen esentzia arnasteko. Era berean, lehen zatiko erritmo biziagoak filma aberastu egin duela iruditu zait, eta bigarren partean, Nathalie bere bizitzako aldaketen ondorioak ikusten eta sentitzen hasi den momentuan, kontaketak indar pixka bat galdu duela.
Hala ere, zuzendari frantziarrak 60 urte inguruko andrazko modernoaren erretratu fidela egin duela iruditu zait. Klixe eta konbentzionalismoak albo batera utzi, eta bere bizitzaren jabe den emakume indartsua eraiki du. Ingurukoen erabakiek zuzen-zuzenean joko dute, eta une batzuetan erori egingo da (guztiok erortzen garen gisan), baina ahulune horietatik altxa eta aurrera egingo du, bere ekintzen erantzule. Pasarte filosofikoak ere ugariak dira filmean zehar, eta hausnarketarako tarteak aldiro-aldiro errepikatzen direnez, erreferentziazko une atsegin bilakatuko dira ikuslearentzat. Baliabide interesgarria.
Oro har gustatu zait, film gustukoenen zerrendan sartuko ez badut ere. Erraz ahaztuko dut, zoritxarrez.