Urtero bezala, Donostiako Zinemaldiko lehen larunbatean, Kimuak katalogoan hautatuak izan diren urteko filmen pasea egin zuten atzo Principe zinemetan. Euskadiko Filmategiko Kimuak deialdiko kudeatzaileek antolatzen dute emanaldia, eta industriako profesionalen topagune izaten da; aktoreak, zuzendariak, argazki zuzendariak, gidoigileak, ekoizleak… elkartu dira beste behin ere aretoaren kanpoko aldean 16:30ak aurretik. Publiko orokorrari eta prentsari itxitako saioa da, filmak oraindik beren ibilbidea (jaialdietako ibilbidea), egiteke dutelako oraindik. Eta horregatik, guk ere ezingo ditugu xehetasun gehiegi eman, spoilerrak saiheste aldera. Baina aurtengo eskaintzaren gaineko balorazio orokorra bai, hori egingo dugu.

Kimuak deialdiaz mintzo garen aldiro sortzen den lehen uneko eztabaida albo batera utzita (deialdiak sortzaile berriei egin beharko liekeen lekuaren inguruan), urtero bezala, aurten ere denetariko eskaintza osatzen ahalegindu da epaimahaia. Zazpi film laburrek osatzen dute katalogoa:

  • Ageda Kopla Taldearen Beti bezperako koplak animaziozko laburra, Maialen Lujanbio bertsolariaren kopletan oinarritutakoa.
  • Las Chicas de Pasaik kolektiboaren Gure hormek labur esperimentala.
  • Kepa Sojo gasteiztarraren Hileta drama, Ordet (Carl Theodor Dreyer, 1955) danimarkarraren interpretazio librea.
  • Alejandro Díaz Castañoren Ihesa film berezia.
  • Asier Urbietaren False Flag thrillerra, plano-sekuentzian errodatutakoa.
  • Mikel Rueda bilbotarraren Caminan drama.
  • Jose Mari Goenaga eta Jon Garañoren Renovable, 2005eko Sintonia laburraren bigarren zatia.

Esan bezala, animaziozko lan bat, dokumental esperimental bat, ingelesez errodatutako thriller intentso bat, gaztelerazko bi drama… Aukera zabala da. Eta horri esker, film labur bakoitza dagokion generoko jaialdira aurkeztuko dute Kimuak-eko arduradunek. Azken batean, lanen zabalkundea eta bertako ekoizpenen nazioartekotzea baititu deialdiak azken helburutzat.

Guztien artean, hiruk berenganatu dute emanaldiaren osteko gure solasaldia. Eta horregatik, hiru horiek labur-labur errepasatuko ditugu segidan.

Lehena, Maria Elorza eta Maider Fernandez Iriartek izenpetzen duten Gure hormek da. Ikusten ohituta gauden horretatik irten da, eta hainbat emakume eta haien etxeetako hormak ditu, era orokor batean esanda, protagonista nagusi. Hurbiletik jarraitu beharreko bikoa da Elorza eta Fernandez Iriarterena, proposamen berritzaile eta interesgarriekin heldu baitira bi gazteak. Lan egiteko modu propioa dute, eta bilatzen duten hori ezin hobeto ezagutzen dute. Kalebegiak deialdian ere La chica de la luz lanarekin hartu dute parte, eta gure atariko bloggunean idazten dute biek ala biek. Indartsu datoz.

Bestetik, Kepa Sojo zuzendari eta EHUko irakaslearen lan berriaz mintzatu gara taldean. Aipatu moduan, klasiko baten birmoldaketa egin du Hileta lanean, neurri batean jatorrizkoari men eginez. Euskal aktore ezagun andanak hartu du parte proiektuan, hala nola, Kandido Urangak, Jose Ramon Soroizek, Martxelo Rubiok, Mikel Losadak, Itziar Atienzak, Josean Bengoetxeak eta Asier Hormazak, eta istorioaren girotzean zein erritmoan egin du lan, neurri handi batean, zuzendariak, bere aurrekariek zuten estilotik erabat aldenduz eta eskaintza ezberdin bat eginez. Gorka Gomez Andréuren argazkia azpimarragarria da.

Eta azkenik, Goenaga eta Garañoren laburra, Renovable. Gaztelaniaz osatu dute oraingoan filma, euskarari keinu ederra egin badiote ere. 2005ean abiatutako Sintonía istorio txiki eta goxoari jarraipen polita eman diote horrela; hirugarren atal baten esperoan geratu gara. Gidoi borobilak eta istorio indartsuak osatzeko duten abilezia agerian utzi dute berriz ere, gauza handiek baino hobeto funtzionatzen baitute txikiek.