Donostiako Saldu ta Suntsitu kolektiboak hartu du aurtengoan Zinemaldi Alternatiboa antolatzeko ardura. Zortzigarren edizioa izango da, baina antolatzaileek 6+2 adiera erabili nahi izan dute, zortzi ediziotatik sei Gros auzoko Kortxoenea gaztetxean egin zituztela azaltzeko. Uneotan eraikina suntsituta dago, eta hiriko hainbat gaztetxe, areto eta dendatan eskainiko dituzte emanaldiak.
64. Donostiako Zinemaldiko programatik haratago, herritarrei bestelako edukiak eskaintzeko asmoa du Donostiako Zinemaldi Alternatiboak. Ez hori bakarrik: ikus-entzunezko emanaldiez gain, denetariko gaien inguruko eztabaida eta solasaldiak ere egingo dituzte egunero, eta saioak hiriko hainbat auzotara zabalduko dituzte.
Astelehenean, irailak 19, abiatuko dute jaialdia Alde Zaharreko Arrano Beltza elkartean. Segidan egitarau osoa:
- Irailak 19, astelehena: 19:00etan Arrano Beltza elkartean (Alde Zaharra)
Nicolas Burlauden La fête est finie dokumentala eta Kultur hiriburutza eta hiri eredua solasaldia.
- Irailak 20, asteartea: 19:00etan Kaxilda Liburu-dendan (Amara)
Kote Camachoren La Gran Guerra, Elkartea eta Don Miguel film laburren emanaldia, eta egilearekin solasaldia.
- Irailak 21, asteazkena: 19:00etan Firestone lantegi berreskuratuan (Añorga)
Iratxe Mediavillaren Gizon berrien hitzak eta solasaldia zinegilearekin
- Irailak 22, osteguna: 19:00etan Letaman gaztetxean (Intxaurrondo)
Patxi Egiluzen Zerrauts ogia dokumentala eta solasaldia zinegilearekin
- Irailak 23, ostirala: 19:00etan Lore Baratzak-en (Ulia)
Notre Dame Des Landeseko ZAD-ari buruzko dokumentala, Le dernier continent
- Irailak 24, larunbata: 19:00etan Txantxarreka gaztetxean (Antiguo)
Donostia 2016 Kultur Hiriburutza gai moduan hartuta osatuko dituzten film laburren aurkezpena eta PERU musikariaren saioa. Parte hartu nahi izanez gero, lanak ostiralerako bidali behar dira saldutasuntsitu@gmail.com helbidera.