Aldudarrak Bideok, Le petit théâtre de Pain-ek eta Derrière le Hublot-ek Non filmaren 20 bat minutuko work in progress bat erakutsiko dute irailaren 23an, 12:00etan, Donostiako Dabadaba klubean (Mundaiz kalea 8, Donostia), Donostiako Zinemaldiaren karietara.
Eta arrazoi asko ditu berezia izateko, baina, horietako bat, proiektuaren sustatzaileak zein diren: Aldudarrak Bideo, Bidarrain errotua, Kanaldude telebistaren sortzaile eta bultzatzailea da eta honakoa lehen fikzio-lana da eurentzat; Le petit théâtre de Pain Luhusoko antzerki-taldeak, berriz, ibilbide luzea du antzerkigintzan, euskaraz eta frantsesez, eta harreman estua izan du Hego Euskal Herriko hainbat antzerki-talderekin; eta hirugarrena Derrière le Hublot, kaleko arteen bilgunea da Midi-Pyrénées eskualdean.
Eñaut Castagnetek eta Ximun Fuchs aktore eta zuzendariak gidatu duten film hau ezohikoa da eta 2017ko udaberrian estreinatuko da. Capdenac (Aveyron) herriaz eta bertako biztanlez hitz egingo digu filmak: lan-arazoak, deslokalizazioa, etsipena… Baina gai nagusia adiskidetasuna da.
Filmaren egileek dioten moduan, film korala da honakoa, gizartean gertatzen den arazo baten aurrean (lana galtzea) gakoa da zer egin, pareta erortzen ikusi ala pareta bera eraisten ahalegindu.
Work in progress pieza ikusi ostean, bertaratutakoek aukera izango dute filmaren arduradunekin solasean egiteko.