Zuzendaria: Emmanuelle Bercot

Urtea: 2016

Herrialdea: Frantzia

Biriketako espezialista Irène Frachonek (Sidse Babett Knudsen) lotura zuzena aurkituko du zenbait heriotza susmagarriren eta Estatuak onartutako sendagai baten artean. Medikuak bere kabuz egingo du borroka egia ezagutu dadin. Donostia Zinemaldiko Sail Ofizialeko lehiakideetako bat da filma.

“Atentatu bat dagoenean, egin ohi duten lehen gauza hildakoak zenbatzea da; kasu honetan, ez ikusiarena egin dute”. Irène Frachonen hitzak edonork egingo lituzke bereak, La fille de Brest filma ikusi eta gero. Botika-industriaren aurka abiatutako gurutzadan oztopo ugari aurkituko ditu medikuak, Frantziako osasun erakunde nagusiaren utzikeria eta interesak tartean, baina, azkenean, helburua lortuko du: Mediator farmakoak merkatuan lekurik ez edukitzea, haren eragin hilkorra frogatu ondoren. David eta Goliathen arteko istorioaren bertsio moderno bat dela esan daiteke, baina desberdintasun garrantzitsu batekin: honako hau benetako gertaera bat da.

la-fille-de-brest-zinea-eus-aritz-sorzabal-zinemaldia

Txalo zaparrada jaso du Emmanuelle Bercot zuzendariaren lanak, ikusleari zer pentsa eman eta gero. Zer pentsa, eta zer ikasi, Frantziako osasun eskandalu larriena ezezaguna baita askorentzat, Mediator farmakoak eraginda 500 lagunetik gora zendu direla frogatutzat dagoen arren. Filmak 2009 eta 2011 urteen artean gertatutakoa kontatuko du, lehen susmoetatik agintarien esku hartzea arte, Servier laborategiko arduradunen nagusikeria ahaztu gabe. Eta hau guztia, erritmo bizian, thriller kutsuarekin eta umore ukitu batzuekin; azken hau, tarteka bada ere, ikusleak arnasa hartu ahal izateko.

Hain zuzen ere, zuzendariak arnasik gabe utziko du publikoa lehen eszenatik, Mediatorrek eragindako bihotzeko gaitzaren isla; itsasotik ebakuntza-gelara eramango du ikuslea, hasteko. Hortik aurrera, Sidse Babett Knudsenek txukun irudikatuko du Frachonen adorea, eta gainontzeko aktoreek maila mantenduko dute. Hori bai, istorioa errealitatean oinarrituta egon arren, ez nioke sinesgarritasun gehiegirik emango protagonista nagusiaren familia giro atseginari. Zaila egiten zait sinestea senarraren papera; eraman handikoa eta ulerkorra, emaztearen borrokak erlazioan eraginik izango ez balu bezala. Pentsatu nahi dut trama hori apropos baztertu duela zuzendariak, fokoa nahi duen lekura eramateko: kaltetuengana. Bercotek ere helburua lortu duela esango nuke.