Azken hilabeteetan euskarazko zinemak Ipar Euskal Herrian izan duen harrera ona ikusita, Zineuskadi elkarteak eta EKE Euskal Kultur Erakundeak hitzarmen bat sinatu berri dute erakunde mailako harremanean eta euskarazko zinemaren hedapenean lankidetzan aritzeko. Hala, Ipar Euskal Herrira ez ezik, Frantzia osora ere euskarazko zinema zabaltzen lagunduko du akordioak.
Euskal eta euskarazko zinemaren banaketa bultzatzea du helburu bi erakundeen arteko lankidetzak. Bi asmo nagusi izango ditu harremanak: batetik, lurraldetasunari dagokionean, mugak gainditzea eta sektoreko profesionalen lana balioan jartzea, eta bestetik, euskararen erabilera bermatu eta sustatzen laguntzea.
Hala, euskal zinemaren eta euskarazko zinemaren ikusgarritasuna handituko dute, Ipar Euskal Herrian ez ezik, Frantzia osoan ere, euskarazko filmak lurralde osoko zine-geletan programatuz.
Azken hileetan euskal ekoizpenek Ipar Euskal Herrian izandako harrera onaren erakusle dira Asier eta biok (Aitor eta Amaia Merino, 2014), Lasa eta Zabala (Pablo Malo, 2015), eta Amama (Asier Altuna, 2015). Azken hori 26 zine-gelatan eskaini zuten, 300 emanaldi baino gehiago egin zituzten, eta 10.200 lagun inguruk ikusi zuten.
Datozen hileetan Gorka Bilbaoren Jai Alai Blues (2015) banatuko dute, eta 2017tik aurrera ekoizpen kopurua zabaltzea dute helburu.