Boi neon
Iazko Veneziako zinemaldian Epaimahaiaren Sari Berezia jaso zuen Gabriel Mascaro brasildarraren filmak. Iremarrek Vaquejadasen egiten du lan, Brasil ipar-ekialdeko rodeo batean. Ikuskizun batetik bestera eramaten ditu animaliak kamioian, eta berarekin egiten dute lan Zé lagunak, Galega dantzari exotikoak eta kamioiaren gidariak, eta emakumearen alaba Cacák. Baina herrialdea aldatzen ari da, eta ehungintza industriak erakarrita, bizimodua aldatu nahiko du Iremarrek.
The Beatles: Eight Days a Week – The Touring Years
The Beatles talde ezagunari buruzko dokumentala zuzendu du Ron Howard zuzendari emankorrak. Musikarien birak eta haien egunerokoa erakutsiko ditu lanak.
Free State of Jones
AEBtakok Sezesio-gerran girotutako filma dakarkigu Gary Ross estatubatuarrak. Matthew McConaughey Hollywoodeko izarra Newton Knight nekazariaren azalean sartuko da; esklabuen eta gainerako nekazarien laguntzarekin, aberatsen aurka altxatu zen Knight, eta Jones Konderria izeneko Mississippiko ingurunea gune independente bilakatu zuen, Jonesen Estatu Librea izenpean. AEBtako Gerra Zibileko figura ezaguna da Knightena.
Bridget Jones’ Baby
Bridget Jones exekutiba britainiar ezagunaren abenturek aurrera darraite! Berrogehi urte betetzear dela, haurdun geratuko da, eta ez du jakingo aita nor den. Renée Zellweger, Colin Firth eta Patrick Dempsey aktoreek, tartean, hartu dute parte beste behin ere proiektuan, Bridget Jones’s Diary (2001) ezaguna gidatu zuen Sharon Maguireren gidaritzapean.
Morgan
Zientzia fikziozko thrillerra da Morgan. Luke Scottek gidatu du proiektua, eta kontrolik gabe ibiliko den adimen-artifizialeko izakiaren sorkuntza izango du aztergai. Izakiari aurre egiteko, Kate Marak antzeztutako aditu bat kontratatuko du enpresak, eta izakia akabatu ala piztuta mantendu erabaki beharko du.
Robinson Crusoe
Animaziozko proposamen belgikarra. 1659an, Mark guakamaioa eta bere lagunak zoriontsu bizi dira uharte zoragarri batean. Markek, dena den, mundu berri bat aurkitzearekin egiten du amets, eta uhartetik irteteko irrikatan dago. Halako batean, Robinson Crusoe naufragoa helduko da uhartera, Marken zorionerako. Baina Crusoerekin batera iritsiko dira animalia felido arrotz batzuk ere. Vincent Kesteloot eta Ben Stassenek zuzendu dute egitasmoa.
Suburra
Stefano Sollima zuzendari italiarraren lan berria da Sudurra, Erromako mafiaren eta politikarien giroa islatzen duen thrillerra. Ustelkeria kasuek, kalte egin beharrean, bizimodu hori sustatu egingo dute, garai horren amaiera helduko den arte.
El futuro ya no es lo que era
Espainiatik, ostera, Pedro Barberoren proposamen berria helduko zaigu: El futuro ya no es lo que era. Kar-El iragarlea da filmeko protagonista nagusia. Ikus-entzuleen etorkizuna asmatzen du telebistan, baina hortik kanpo Carlos da, eta ez da bere bizitza, seme-alabak, emazte ohia eta aktore ezaguna den ama ulertzeko gai. Komedia zoroa, Dani Rovira, Carolina Bang, Carmen Maura, José Corbacho, Yolanda Ramos eta Eduardo Velasco aktore espainiar ezagunen eskutik.