gernika-kritika-zinea-eus-aritz-sorzabal-02Zuzendaria: Koldo Serra

Urtea: 2016

Herrialdea: Euskal Herria-Espainia

Hegazkin alemaniarrek Gernika bonbardatu zuten 1937ko apirilaren 26an. Egun ilun horren atarira bidaia egingo dute ikusleek Koldo Serrak zuzendutako lanari esker, eta Teresa (Maria Valverde) eta Henryren (James d’ Arcy) maitasun istorioaren lekuko izango dira. Hain zuzen ere, gerran girotutako filma bat da Gernika. Errepublikazaleen prentsa bulegoko editore da Teresa, eta bertatik igortzen diren kronikei zentsura ezarri edo ez erabakitzea da bere lana. Henry, berriz, AEBtatik etorritako kazetaria da, iparraldeko fronteari buruz idazteko enkarguarekin. Bien artean amodioa piztuko da, prentsa bulegoko arduradun Vasylen zoritxarrerako (Jack Davenport). Bulegoko beste langile baten papera beteko du Barbara Goenaga donostiarrak, eta, Gernikaz gain, Bilboko lokalizazioak izango dira nagusi pelikulan; Arriaga antzokia, udaletxea eta Plaza Barria, besteak beste.

Maitasun istorio bat baino gehiago da Gernika, eta, aldi berean, bonbardaketaren kronika huts bat baino gehiago ere bada. Zer da, orduan, zuzendari bilbotarrak gidatutako filma? Ikuslearengana erraz eta zuzen iristeko helburuarekin egindako proposamen bat dela esango nuke, super-produkzio formatoan, baina bidezko xede batekin: 1937ko sarraskia ikuslearen memorian betikotzea.

Helburuak bitartekoak justifikatuko ditu, kasu honetan. Izan ere, errealitatea fikzioaren zerbitzura jarriko du zuzendariak, baita fikzioa errealitatearen zerbitzura ere, Euskal Herriko historiaren pasarte ilunetako batek mugak gaindi ditzan, Picassoren artelan entzutetsuaren espiritua ardatz. Hortaz, bonbardaketaren xehetasunak ezagutzen dituztenentzat baino gehiago, ezagutzen ez dituztenentzat bideratutako lana dela esango nuke. Hori bai, batzuk zein besteak hunkitzeko ezaugarriak ditu, eta horixe da, hain zuzen ere, Serraren lorpenik handiena.

Behetik gora egingo du pelikulak; beraz, goia joko du amaieran, bonbardaketarekin. Hala behar zuen derrigorrez, eta hala izango da. Zentzu horretan, ez dago ezusterik, aurreikusteko moduko pelikula bat da, maitasun istorioari dagokionez ere, baina horrek ez du emaitza baldintzatuko, esan bezala, helburua bestelakoa baita. Hunkitu aurretik, baina, Serra jakitun da, ezer baino lehen, ikuslea testuinguruan kokatu eta dramara hurbildu egin behar duela; bertakoen bizitzara, alegia. Horrela uler daiteke bakarrik kazetariek baserrira egindako txango folklorikoa edo herritarren egunerokoarekin lotura duten topikoak; Athletic-en aipamena, kasu. Bada, hurbilketa saio horietan dator, nire ustez, filmaren hutsunerik handiena: euskarak herritarren ahotan egon beharko luke, naturaltasunaren mesederako. Azpidatziek sinesgarritasun gehiago emango liokete filmari, zalantzarik gabe. Horrela izanik, gainera, pelikulak mugak gainditzeko erronka duela kontutan hartuta, uste dut euskara lau haizetara entzugarri egiteko aukera paregabea ere izango litzatekeela. Aukera galdua, beraz.

Aktoreen lanari dagokionez, ez nuke ezer berezirik nabarmenduko. Zuzen ariko dira, ez hotz, ez bero. Bonbardaketaren pasartea, aldiz, azpimarratzekoa izango da. Bortizkeria  txukun islatuko du zuzendariak, modu krudel eta hunkigarrian. Errealitateak fikzioa gainditu ohi du zenbaitetan, eta halakoetan ez dago sentsasionalismo eta efektu bereziren beharrik. Gernikaren iragana adibide bat da, zoritxarrez.