Zineak filosofiarekin duen harremana aztertzeko aukera eskaintzen du urtero Donostiako San Telmo Museoan antolatzen duten Zinema-ideiak eta Zinema ideiaduna zikloak; gaur, irailak 13, hasi eta ostegunera bitarte, hain zuzen, zikloaren hirugarren edizioa egingo dute. Sarrera librea da, lekuak bete arte.

san-telmo-zinema-ideiaduna-zinea-eus

Gipuzkoako hiriburua urteko zinema jaialdi garrantzitsuenak hartu aurretik, gaur hasi eta ostegunera bitarte, zinearen eta filosofiaren inguruan hausnartzeko aukera izango da San Telmo Museoan. Hiru eguneko programa San Telmo Museoak, Globernancek, IFS Espainiako Filosofia Institutuak, EHUk, Donostiako Zinemaldiak eta Euskadiko Filmategiak ondu dute, eta Donostia 2016ren Elkarrizketak saioen baitan kokatu dute aurtengoan.

Lehen mintzaldia gaur, irailak 13, 19:00etan hasiko da. El rapto de Europa du izena, eta bertan ariko dira Julián Sauquillo UAMeko Filosofia katedraduna, Javier Echevarría Ikerbasqueko ikerlaria eta Concha Roldán CSICeko Filosofia Institutuko zuzendaria. Europako proiektu politiko anbiziotsuaren ezintasunak aztertuko dituzte, eta filosofiak eta zinemak duten paper garrantzitsua balioan jarriko dute.

Bihar, irailak 14, Vicente J. Benet ikus-entzunezko komunikazioan katedradunaren, Mayte Carrasco freelance gerra korrespontsalaren eta Amaia Merino gidoigile eta errealizatzailearen txanda izango da. Ordu berean elkartuko dira San Telmon. Gerra filmatu, bakea sinatu izango du izena solasaldiak. Donostia Zinemaldiko Zinema eta indarkeria globala zikloarekin lotutako saioa izango da.

Ostegunean, azkenik, musika izango da entzungai. Anari kantari eta sortzaileak, Joserra Senperena piano-jotzaile eta musikariak, eta Amaia Zubiria kantariak hartuko dute parte Musika eta Zinema: Akordeak eta desakordeak saioan. Izan ere, zer litzateke zinea musikarik gabe?

Saioak doakoak izango da, eta sarrera librea, lekuak bete arte.