Irudiek begiratzen gaituztenaren ideiak berezko ibilbide bat du bai filosofikoki, eta baita zentzu poetiko batean ere.* Tradizio honetan sar genezake irudia pentsamendurako espazio gisa ulertzea, irudia aurrean dugun “bestea” bezala antzematea, edota erretratuen begiraden misterioaren inguruko literatura anitza.
Literalki hartuta edo ez, irudiek begiratu gaitzaketenaren ideia honek irudiaren esparrua independentziarako eta zentzu-sormenerako leku bezala proposatzen du. Eta arretaz begiratzen dionari galdezka ari zaion “zerbait/norbait” bihurtzen du irudia.
Bizi dugun irudi-jarioaren erdian, irudien dimentsio hau babestea, haien begiradak eta galderak jasateko denbora defendatuz, ezinbestekoa da zinemak arte bezala jarraitzea nahi badugu.
* Kontzeptu honen adierazpen ederra Didi-Hubermanen hainbat testutan topa dezakegu, ‘Lo que vemos, lo que nos mira’ (Manantial, 2002) bezalako izenburu batean, adibidez, edota Walter Benjaminen inguruko gogoetetan, ‘Ante el tiempo. Historia del arte y anacronismo de las imágenes’ (Adriana Hidalgo, 2006) lanean. “Begiratua denak edo bere burua begiratua uste duenak begiak altxatzen ditu. Gauza baten aura antzematea gauza horri begiak altxatzeko aukera ematea esan nahi du” (‘Sobre algunos temas en Baudelaire’, Leviatán, 1999); Benjaminen adierazpen honen harira, Hubermanek gogoeta luzea garatu du kontzeptu hauen inguruan.