Berriak, Hamaika telebista, Irutxuloko Hitza eta Gaztezulorekin elkarlanean, osatzen duen Donostiako Zinemaldiari buruzko euskarazko telebista saioa da Zurriolako Butaka, eta aurten, Zinea.eus atariko lagunok ere bat egingo dugu proiektuarekin.
Kursaaletik bertatik, Donostiako Zinemaldiaren bihotzetik, bertan jazotakoak eta euskal industriako kideen testigantzak jasotzen ditu Zurriolako Butaka saioak. Berriak eta Hamaika Telebistak abiatu zuten egitasmoa orain bost urte, eta azken urteetan, Donostian egoitza duten beste bi hedabide batu dira proiektura: Irutxuloko Hitza eta Gaztezulo.
Bada, aurtengoan, Zinea.eus atariko lagunok ere hartuko dugu parte proiektuan, bategite natural bati erantzunez. Inaxio Esnaola izango da beste behin ere programaren gidaria, eta Donostiako Zinemaldian, irailaren 16tik 24ra, 11:00etatik aurrera emango dute zuzeneko saioa Berriaren atarian; ondoren, 20:00etatik aurrera Hamaika Telebistan errepikatuko dute eguneko programa. Era berean, Zinea.eus atariaren YouTubeko kanalean izango dira ikusgai eguneko edukiak, baita Gaztezulo eta Irutxuloko Hitzaren web atarietan ere.
Saioetan parte hartzeaz gain, hainbat bideo ere osatuko ditugu Zurriolako Butaka saiorako. Beraz, badakizue: Zinemaldiaren egunerokoa eta euskal ekoizpenen ibilbidea ezagutzeko, piztu saioa!