Printze Txikia

Zineuskadi elkarteari esker, Mark Osborne frantziarraren animaziozko filma euskaraz ikusteko aukera izango da hainbat zinema aretotan bihartik aurrera. Le Petit Prince (Antoine de Saint-Exupéry, 1943) eleberri arrakastatsuaren egokitzapena da, iragan Cannesko zinema jaialdian eskaini zutena, eta Printze Txikiaren ametsetako mundura eramango gaitu. Izan ere, neskato batek etxean igaroko du uda, bere gelan ikasten, kurtso hasieran Werth Akademia ezagunean hastekoa delako. Bere amak prestatutako plan zorrotza jarraitu besterik ez du egiten, gau batean, bizilagun arraro baten gutuna jasoko duen arte, eta haren istorioen bidez Printze Txikiaren unibertsora bidaia egingo du. Jatorrizko bertsioan James Franco, Rachel McAdams, Marion Cotillard, Jeff Bridges, Benicio Del Toro, Mackenzie Foy eta Paul Giamattik euren ahotsak jarri dizkiete pertsonaiei.

Gernika

Koldo Serraren Gernika super-produkzioa ere bihar helduko da Hego Euskal Herriko zinema aretoetara. 1937ko Gernikako bonbardaketan girotutako maitasun istorioa osatu du bilbotarrak, eta María Valverde, James D’Arcy, Jack Davenport, Burn Gorman, Irene Escolar, Ingrid García-Jonsson eta Barbara Goenagak hartu dute parte proiektuan. Prentsa errepublikarraren bulegoetan lan egiten duen Teresa (Valverde) eta Henry (D’Arcy) kazetari estatubatuarra dira filmeko protagonistak, eta Gernikan jazotako sarraskia mundo osora zabaltzeko nahiak bultzatuta ariko dira biak lanean.

Sparrows

Iazko Donostiako Zinemaldian Urrezko Maskorra eskuratu zuen Rúnar Rúnarsson islandiarraren dramak. Hamasei urteko Ari gaztea da filmeko protagonista; hainbat urtez Reykjaviken amarekin bizi ostean, mendebaldeko fiordoetara joango da aitarengana. Bizimodu berria oso gogorra egingo zaio, aitarekin duen harreman eskasagatik eta gaztaroko lagunak oso aldatuta aurkituko dituelako.

Masaan

Eta iazko Cannesko zinema jaialdian FIPRESCI saria jaso zuen Neeraj Ghaywanen drama indiarrak. Ganges ibaiaren ertzean dagoen Benarés hirian bizi diren lau pertsonaiaren egunerokoa jarraituko du zinegileak, hinduismoaren mugetan harrapatuta bizi baitira. Deepak gaztea kasta altuagoko neska batekin maiteminduko da, Davi bere lehen maitalearen desagerpena gainditzen ahaleginduko da, haren aita Pathak Poliziaren ustelkeriaren biktima izango da, eta Jhonta haurra familia baten bila ariko da.

El espejo de los otros

Argentinatik, ostera, inor gutxik ezagutzen duen katedral gotiko zahar batean kokatzen den jatetxe ezkutuan girotutako filma helduko zaigu. Marcos Carnevale da filmeko zuzendaria, eta Norma Aleandro, Graciela Borges, Leticia Bredice, Alfredo Casero, Pepe Cibrián, Mauricio Dayub, Julieta Díaz eta Luis Machín dira aktore nagusiak. Esan bezala, jatetxe berezi horretara bikote bakar bat joaten da gauero, eta ez edozertara, gainera, euren bizitzetako gertaera bereziak ospatzera baizik.

Birkebeinerne

Nils Gaup norvegiarrak, bestetik, XIII. mendeko Norvegiako erregeari buruzko abenturazko filma osatu du. Erregea hilzorian zela, aitortu gabeko semea ezkutuan jaio zen. Erreinuak haurra akabatu nahiko du orduan, baina Torstein Skevla eta Skjervald Skrukka haren bizkarzain bilakatuko dira, ihes egin eta Norvegiako errege izan dadin.

Blood Father

Jean-François Richeten proposamen berriak hamasei urteko Lydia gaztearen (Elisabeth Röhm) eta espetxean egondako John Link neskatoaren aitaren (Mel Gibson) ihesaldia izango du hizpide. Neskatoa engainatu egingo dute, eta droga kartel bati lapurreta egitea egotziko diote. Hala, aitarekin ihes egin beharko du, bizirik iraun nahi badu. Akzioz beteriko thrillerra.

War Dogs

The Hangover trilogiaren zuzendari Todd Phillipsek gidatu du komedia, drama eta thrillerra uztartzen dituen film zoro estatubatuarra. Gertaera errealetan oinarritutako lanak Afganistango aliatu amerikarrak armaz hornitzeko Pentagonoarengandik 300.000 euro jaso zituzten bi gazteren abenturak kontatuko ditu. Miles Teller eta Jonah Hill Hollywoodeko izarrak dira filmeko aktore nagusiak, baina tartean dira Ana de Armas, Bradley Cooper, Jeff Pierre eta Shaun Toub ere.

Tarde para la ira

Madrilen kokatutako mendeku thrillerra da Raúl Arévaloren berriena. Curro espetxetik irtengo da zortzi urteren ostean, emazte eta semearekin bizimodu berri bat hasteko asmoz. Baina José izeneko gizon batekin egingo du topo, eta elkarrekin bidaia arraro bat abiatuko dute, iraganeko mamuak eta mendeku-gosea tarteko.