Cafe-Society-Zinea-eus-Kritika-01Zuzendaria: Woody Allen

Urtea: 2016

Herrialdea: AEB

Los Angeles, 30eko hamarkada. Bobby Dorfmanek (Jesse Eisenberg) bere osaba Philekin (Steve Carell) lan egiteko utziko du New York. Phil Hollywoodeko agente eta ekoizle ezagun bat da, eta Bobby gaztea haren idazkari Vonnierekin (Kristen Stewart) maiteminduko da.

Woody Allenek film bat dakar urtero besapean, 1982. urteaz geroztik, etenik gabe. Hainbatek diote jada ez duela inongo ekarririk egingo eta erretiroa hartu beharko lukeela, kopiatu eta itsatsi egin beharrean. Egia da azken urteetan kontatu dituen istorioek oinarri bera dutela, baina iruditzen zait ikusleari espero eta nahi duena zuzen eta puntualtasunez ematea nahikoa ekarria badela, zuzendaria larrutu ohi duen iritzi joerak dioenaren kontra. Proposamenak kalitatea izanez gero, eta elkarrizketek, umore zorrotzak eta egoera korapilatsuek maila mantentzen badute, ez diot arazorik ikusten, are eta gutxiago bizitzaz eta gizarteaz barre egiteko aukera emanez gero, krudeltasuna krudeltasun. Horrenbestez, esan beharrik ez dago, Café Society lanean ere, tartean izango direla maitasuna, pertsonaia atsekabetuak, juduak, hildakoak eta dena delakoak, off-eko ahots bereizgarria ahaztu gabe. Hain zuzen ere, hori guztia eta gehiago da Woody Allen, eta, zentzu horretan, asebeteta irtengo dira haren jarraitzaileak zinema aretotik.

Jesse Eisenberg da, lehen begiradan, filmeko protagonista (Woody Allen gazte garaian?), baina esango nuke maila berean dagoela Corey Stoll, Bobbyren anaia handi Benen paperean. Izan ere, gangsterren arteko istorio bat garatuko du zuzendariak hari nagusiarekin batera, eta Stoll jaun eta jabe arituko da eginkizun horretan, dotore, filmaren erdigunean hainbat unetan. Kezkatuta sentitu beharko litzateke ikuslea gaizkilearen ondoan lerrokatzeagatik, baina Woody Allenen unibertsoan, erabaki bidegabeenek egoera barregarrienak ekarri ohi dituztela kontutan hartuta, ez dago damutzeko arrazoirik.

Kristen Stewartek ere distira propioa izango du, eta egoki baliatuko du aukera bere dohainak aldarrikatzeko, banpiro eta beste munduko basapiztien beharrik gabe (Ilunabarra, oraingoan, Vittorio Storaroren argazki solemneak ekarriko du). Hala ere, kasu honetan ere, maitasunak harrapatuko du. Hortaz, denbora eman beharko diogu oraindik aurpegi eder bat baino gehiago dela berretsi dezan, beste gai, rol eta egoeretan.

Steve Carrell ez da atzean geratuko, osaba ahalguztidunaren paperean. Bera da familian arrakasta lortu duen bakarra, baina, bitxia bada ere, entretenigarriagoa izango da galtzaileen egunerokoaren berri izatea, Hollywoodeko bizitza aberatseko partaideenena baino.

Aukeran, New York edo Los Angeles? Brooklyneko zuzendariak hartuko du galdera hau eta beste batzuk erantzuteko ardura, eta publikoa bere eremura bideratuko du, maisuki egin ohi duen bezala. Azken finean, Café Society lanari Woody Allenen kutsua dario, eta hori da, hain justu, berririk onena; alegia, berririk ez dagoela. Apustu ziurra da, zalantzarik gabe; onerako edo txarrerako, jarraitzailea edo aurkaria izan, Woody Allenek ez baitu sekula inor hotz utziko.