Guztiz suntsiturik zegoen hiri baten erraietatik, Varsoviatik, hain zuzen, grafismo arraro eta bitxienen gotorlekua izango zen eskola altxa zen. 400 diseinatzaile baino gehiago, eta 7000 lanetik gora. Egun, bildumazaletasunaren merkatuan oso preziatuak diren poloniar kartelez ari naiz. Bi mundu gerrate eta hiriburu baten suntsipenetik bizirik irtetea lortu zuen eskolak; ez da kasualitatea, beraz, The Poster Museum lehen kartelen museoa 1968an Varsovian sortu izana.
Eta zergatik dira hain bereziak horma-irudi hauek?
Apocalypse now (Francis Ford Coppola, 1979) eta Godfather II (Francis Ford Coppola, 1974) film ezagunen irudiak ikusi besterik ez duzue, zertaz ari naizen jakiteko. Umorean, metaforan eta kolore bizietan oinarrituta, eta hizkuntza oso sinplea erabiliz, elementu gutxirekin ahalik eta gehien adieraztea zuten helburu. Diseinuak filmen fotograma zehatz batean edo tituluak transmititzen zuen ideia orokorrean oinarritzen ziren, eta gehienetan, argazkiak baino, marrazkiak erabiltzen zituzten. Jatorrizko kartelekin ez zuten inongo zerikusirik, eta gehienetan hobetu egiten zituzten, abangoardiazko elementuak gehituz eta berrinterpretazio erradikalak itsatsiz.
Zergatik diseinu hauek?
Irudi bitxi hauen zergatia ulertzeko, ezinbestekoa da sorrerara bidaiatzea. Hollywooden urrezko aroan, estudio handien menpe zegoen filmen banaketa edo distribuzioa, baina Poloniara iristen zirenean, estatuak erabat kontrolatzen zuen industriarekin egiten zuten topo. Ondorioz, artista poloniarrek poster guzti horien moldaketak egin behar izaten zituzten. Oso gutxitan izaten zuten filmari buruzko informazioa, eta erregimen komunistaren zentsuraren iragazkia pasa behar izaten zuten. Gerra Hotzaren ondorioz erabat isolatuta zeudenez, ia inork ez zuen ingelesez hitz egiten. Beraz, abstrakzio bidez egiten zituzten lan gehienak, obra guzti horiei identitate paregabe bat itsatsiz, eta erregimen komunistaren ikono bitxi moduko bilakatuz.
Handik gutxira, Poloniako kartel eskolaren urrezko aroa iritsi zen. Hizkuntza grafiko propioak beste urrats bat eman zuen surrealismorantz, berezkoa zuen background minimalistarekin nahastuz. Hala, zentsura, eragozpen bat izan beharrean, pizgarri modukoa bihurtu zen.
Oso nabarmena zen eskola artistek zuzentzen zutela, eta ez estudioek, margoa erabiltzen zutelako bereziki, eta munduko beste herrialdeetako hizkuntza konbentzionaletik erabat aldentzen zelako. Poloniara ez ziren aktore edo zuzendarien argazkiak iristen, ezta filmen fotogramak ere. Eta, argazkia –erabiltzekotan-, “collage” moduko batera mugatzen zen. Amaieran, lanek ez zuten filmarekin ia inongo loturarik, eta testua polonieraz zegoenez, ia ulertezinak bilakatzen ziren. Arraroak ziren, bai, baina horrek, era berean, elementu bakar, paregabe, bihurtu zituen.
Obren egileak Roman Cie?lewicz, Waldemar ?wierzy, Jan Lenica edo Liliana Baczewska ziren, besteak beste. Baina, guztien artean Henryk Tomaszewski nabarmenduko nuke, mugimenduaren aitzindaritzat hartua.
Gainbehera…
80ko hamarkadan, zinemaren banaketa erabat pribatizatu zenean, eta iskina guztiak multinazionalen iragarkiz josita zeuden garaian, kartel poloniarraren bizitza itzaltzen hasi zen pixkanaka, eta moldaketa nahiko “behartuak” egin zituzten. Gaur egun, artista askok korronte hura ez galtzeko poster haien diseinuak egiten dituzten arren, lan onenak krisi garaian eta zentsuraren menpe egin ziren, Polonia munduko kartelgintzaren erreferentzia bilakatuz.
Eta amaitu baino lehen, jolas bat. 20 poster hauek identifikatzeko gai al zarete?
(behean erantzunak)
Erantzunak:
1. The Birds (Alfred Hitchcock, 1963)
2. One Flew Over the Cuckoo’s Nest (Milos Forman, 1975)
3. Alien (Ridley Scott, 1979)
4. Dumbo (Ben Sharpsteen, 1941)
5. Saving Private Ryan (Steven Spielberg, 1998)
6. E.T (Steven Spielberg, 1982)
7. Terminator (James Cameron, 1984)
8. The Sting (George Roy Hill, 1973)
9. Eyed Wide Shut (Stanley Kubrick, 1999)
10. Mullholland Drive (David Lynch, 2001)
11. Un perro andaluz (Luis Buñuel, 1929)
12. Raging Bull (Martin Scorsese, 1980)
13. Indiana Jones (Steven Spielberg, 1981)
14. Rosemary’s Baby (Roman Polanski, 1968)
15. Star Wars (Irvin Keshner, 1980)
16. The Omen (Richard Donner, 1979)
17. Tootsie (Sydney Pollack, 1982)
18. Taxi Driver (Martin Scorsese, 1976)
19. A Clockwork Orange (Stanley Kubrick, 1971)
20. The Big Lebowski (Joel Coen, Ethan Coen, 1998)
Batzuk oso errazak dira… baina beste batzuk? Ondorengo loturetan gehiago topa ditzakezue:
http://www.polishposter.com/
http://cinemaposter.com/