Artistak dira Zinemaldiko arduradunak zaleen arreta biltzen. Horretarako, sare sozialak existitu aurretik abiatuta, txoriei alpistea bazala, halaxe ematen die Zinemaldiak zaleen informazioa, pixkanaka, aleka: epaimahaikideak nor izango diren, Donostia Saria nori emango dioten, zein gonbidatu etorriko diren, film-sail bakoitzeko tituluak zein izango diren… Eta zeleok, geu ere talde horretakoak baikara, maiatzean abiatu eta Zinemaldia bera hasi arte, lau hilabete ematen ditugu informazio hori dena aletzen.
Zoriontzekoa da, gure ustez, Zinemaldia bezalako ekitaldi erraldoi batek, hainbesteko informazioa sortzen duena, ikusleei den-dena irisarazteko aurkitu duen bidea, areago informazioa emateko bide hori suspense tantaz zipriztintzen duelako. Komunikazio-estrategia bikaina.
Urteroko aurkezpenaren bidean, zaleentzako lehendabiziko ekitaldia aukeratutako afixen aurkezpena da, maiatzero, eta jendea biltzen da, motorra martxan jartzeko edo. Bigarren aurkezpen handia Tabakaleran egin dute aurten, sektoreko profesionalentzat eta agintarientzat. Eta gaurkoa, Donostiako Maria Cristina Hotelean, prentsarentzat eta ikusleentzat: gero eta agintari gehiago, gero eta kaleko zale gehiago. Ez ohi da profesionalen eguna izaten.
Aurkezpena bera ere laburra izan da. Jose Luis Rebordinos eta Ruth Perez de Anunzita komunikazio arduradun berria aritu dira hizketan, euskaraz eta gaztelaniaz, falta ziren azkeneko sekretuak (ustez) kontatzeko. Sekretu nagusiak, noski, etorriko diren aktoreen izen-abizenak ematea.
Izen asko etorriko dira aurten Zinemaldira. Gehienak beste urte batzuetan etorritakoak, baina denak ere glamour handikoak. Eta uju eta iji asko sortu dituzte beren izenak Rebordinosen ahotik atera direnean: Richard Gere, Hugh Grant, Monica Bellucci, Isabelle Huppert… Hauek guztiak eta hain mediatikoak ez diren Fan Bingbing, Cynthia Nixon, Jennifer Connelly, Javier Bardem, Sidse Babett-Knudsen, Mary Stuart Masterson, Ewan McGregor, Ken Watanabe, Lambert Wilson, Shailene Woodley, Joseph Gordon, Lee Yoo-young, eta abar.
Oliver Stone, Terence Davies, Pablo Larrain, François Ozon, Paul Verhoeven, Bertrand Tavernier eta beste hainbat zuzendari ere hurbilduko dira Zinemaldira.
Horiei denei Donostia Saria jasoko duten Sigourney Weaver eta Ethan Hawke, batetik, eta Jaeger-LeCoultre Saria jasoko duen Gael García Bernal, bestetik, behitzen badizkiegu, esan dezakegu Bette Davisen garaietatik ez dela hainbeste glamour batera ikusi Zinemaldian.
Baina ez da kasualitatea, izan ere, Donostia hiria 2016an Europako Kultura Hiria izateak badauka eragina arte eder honetan. Eta horren lekuko, Pablo Berastegik ekitaldian parte hartu izana. Hiriak inoiz ez bezalako garrantzia izango du Zinemaldian.
Inoiz baino goizago izango da, gainera, aurten Zinemaldia, irailaren 16tik 24ra. Beraz, bi aste besterik ez Donostia zinemaren hiriburua bihurtzeko.