Urtea: 2016
Herrialdea: Espainia
Abokatu ezagun bat da Patricia (Blanca Portillo), eta kolpe latza jasoko du bere seme Victor (Marc Domenech) eskola atarian desagertzen denean. Haurra aurkituko dute, eta honek gizon bat identifikatuko du bahitzailea delakoan. Froga argien faltan, susmagarria (Andres Herrera) aske geratuko da, eta Patriciak bere esku dagoen guztia egingo du ustezko bahitzaileak egindakoa ordain dezan.
Esandakoak zuzendu behar izan ohi ditugu askotan; horixe bera gertatu zait niri, Secuestro filma ikusi eta gero. Thriller hau karteldegian topatu nuenean jakin banekien ez zela sekulakoa izango, baina aukera segurutzat jo nuen egunean bertan piztu zitzaidan grina asetseko. Halaxe adierazi nuen txarteldegirako bidean. Tentsiodun film bat nahi nuen, entretenigarria, zinema aretotik atera eta berehala ahaztu egiten den horietako bat izateko arriskua egon arren. Gutxieneko baldintzak izatearekin nahikoa nuen asebetetzeko, eta bazirudien pelikulak ezaugarri hori beteko zuela. Baina, aipatu bezala, aurreikuspenean huts egin nuen. Kontua da ezustea ez zela onerako izan.
Mar Targaronak zuzendutako lanak ez du langa gainditu, egun horretan gutxirekin konformatzeko prest nintzen arren. Hori bai, izenburu egokia du, horretan asmatu du: bahituta sentitu nintzen zinema aretoan, filma noiz bukatuko zain, tramaren aurkezpenak ekarri ohi duen ikusmin efektua amaituta.
Norabide aldaketak izan ohi dira thriller baten bereizle, baina ikuslea harrapatzeko horretan asmatu beharra dago, eta, kasu honetan, korapilatsuegia da proposamena, interesa pizteko gizarte gai egokiak dituen arren. Horiek bigarren mailan geratuko dira, ordea, azalean, istorioa ez baita hari nagusitik aldenduko. Eta hor dago arazoa: istorioak indartsu behar du izan bere kabuz aurrera egiteko, eta hemen ez da horrela gertatuko.
Interesa itzaltzen joango da pixkanaka-pixkanaka, sinesgarritasun faltak eraginda. Hala, ikuslea aspertuko dela esatea ez zait ausartegia iruditzen. Hala ere, hori ez da pelikularen bekatu nagusiena. Izan ere, zenbait pasartetan komedia kutsua izango du, tentsioa egon beharko lukeen tokian. Poliziaren autoak izango duen matxurak, esaterako, ez du lekurik. Thriller serio batetik baino gehiago, Cuerpo de elite (Joaquín Mazon, 2016) pelikulatik ateratako eszena bat dirudi. Istorioaren amaierari denbora emateko ez al dago beste modurik? Polizia ez ezik, Patriciaren maitale ohia ere (Jose Coronado) irrigarri geratuko da kaiko pasartean, isiltasuna apurtuko duenean, behaztopa egin eta gero. Komikoa.
Zentzugabekeria biribiltzeko, aktoreek ez dute filma salbatuko. Blanca Portillo saiatu, saiatu egingo da pertsonaia nagusiaren larruan, baina urruti geratuko da paper txukun bat egitetik.
Bistan da aurreikuspenean huts egin nuela, zinema aretoa utzi bezain pronto filma ahaztuko ote nuen usteari dagokionez ere. Azken finean, lan kaskarrago bat ikusi ezean, denbora luzez izango dut gogoan pelikula. Bahituta jarraitzen dut, nolabait.