Nafarroako Filmotekak gogoz hasiko du ikasturte berria irailaren 1ean, eta ekainean zikloa ixteko eskaini zuten Aventura en San Fermín lana emango dute egun horretan bertan, 20:00etatik aurrera. Iraileko ostegunetan, halaber, bertako ekoizleen lanak izango dira ikusgai, tartean, Jon Abrilen Neskatoak dokumentala hilaren 8an.

Neskatoak-Jon-Abril-Zinea-eus

Nafarroako Filmotekak argitaratugabeko artxiboko irudiak ezagutzera emateko helburua du, eta horretarako, Nafarroako ondare historiko, etnografiko eta dokumentala biltzen duten ikus-entzunezkoak programatzeko ahalegina egiten du. Hala, Aventura en San Fermín filmerako 1952an eta 1953an Miguel Mezquírizek errodatutako irudiak eskainiko dituzte 20:00etatik aurrera irailaren 1ean. San Fermin festetan hartutako irudiak dira, festa giroko eszenak irudikatzen dituztenak.

Horrez gain, iraileko ostegunetan nafar zinegileen lanak izango dira ikusgai:

  • Irailak 8, 20:00etan, Jon Abrilen Neskatoak dokumentala, 1940tik 1970era bitarte Ipar Euskal Herrira eta Frantziara lanera joan ziren neska gazteei buruz.
  • Irailak 15, 20:00etan, Richard Osésen No matarás dokumentala, 1936an Azkoienen (Nafarroa) jazotako gertaeren irudikapena egiten duena. Horretarako, lekukotasunak eta dokumentu grafikoak ere baliatu ditu.
  • Irailak 22, 20:00etan, Fernando Belzunceren Expedición navarra transgroenlandia dokumentala. Fernando Belzuncek, Fermín Izcok eta Ángel Zabaltzak trabesiako eskiekin eta kometekin Groenlandia iparraldean egin zuten zeharkaldia.

Lan guztiak jatorrizko hizkuntzan eskainiko dituzte, eta sarrerak euro baten truke eskuratu ahal izango dira egunean bertan.

0