Pasa den larunbatean, Hendaiako hondartzan Izpi berdea (Eric Rohmer, 1986) ikusi nuen lagunekin, eta eguzkia sartu bezain laster, azken bainuko ur tantek hotzikara eragin zidaten gorputzean. Hotz gelditu nintzen, Dennis O’Rourkeren Canibal Tours (1988) filma ikusi nuenean bezala, hotz eta pentsakor, udak ematen dizkigun buruari eragiteko tarte horiek probestuz.
Eta, han, hondartzan, Rhomeren Le rayon vert (1986) filma oroitu nuen une hartan, hurrengo hileetan zer eta nola idatzi pentsatzen hasi nintzen. Udako filmen izenburuetatik nola pasa udazkenera, eta hortik negura eta negutik udaberrira… Inguruko soinu guztiak isildu bailiran, nire lagunei so gelditu nintzen, eta azken eguzki izpiek egunari ematen dioten momentu epiko horretan, kolektibitateaz pentsatzen hasi nintzen, eta horren balioaz, eta kolektibitatea egia hutsa bezela beti defendatuko nuela zin egin nion nere buruari.
Le Rayon Vert. Eric Rohmer (1986)
Aurreko eguneko eguzki izpiek hurrengo egunekoak ekarri zituen, eta nire buruari agindutakoaren oroitzapena. Irati Cano Alkaini idatzi nion orduan, eta blog hau bion artean eramateko proposamena egin nion.
Irati eta biok zinema eta telebista ikasketak egin genituenean ezagutu genuen elkar. Antzeko zinema gustatzen zaigu, eta askotan gure artean ibiltzen gara egile zein film ezberdinen inguruan solasean.
Astebetez, gure denbora librean (gehiegi izan ez arren) egile eta gai ezberdinen inguruan eztabaidatu dugu, txoko honi nahi dugun ukitua emateko. Oinarrizko ideia gure testuen artean korrespondentzia moduko bat sortzea da, gustoko ditugun gaien inguruan idatziz, betiere, feminitatearen eta feminismoaren marko orokorraren barruan. Zein adierazgarri izan behar ditu film batek femeninoa izateko? Eta feminisita? Emakume garen aldetik, zein gaik arduratzen gaituzte, eta zergatik ez, sortzaile bezela? Eta ikusle moduan?
Hainbat egileren testu eta sorkuntzak irakurri eta ikusi ditugu. Horien artean, Maria Klonaris eta Katerina Thomadaki zinemagile eta artisten Feminitate erradikal baten manifestua. Beste-zinema baten alde (1978) irakurri dugu, baita Barbara Hammer 70eko hamarkadako zinema lesbikoaren egilearen testuak ere, Birgit Hein, Joyce Wieland eta Ulrike Ottingeren filmak. Inolako antolakuntzarik gabe, jakin-minez eta nahi izan dugulako.
Ez gera ez zineman adituak ezta feminismoan ere, hori argi geratzea nahi dugu, baina ikasteko eta esperimentatzeko gogoari jarraituz, eta blogaren aitzakia baliatuta, egile horiengana eta haiek jorratzen dituzten gaietara aipatutako begi eta belarriekin hurbildu nahi dugu. Ondorengo gaiak lirateke, beraz, gure blogaren ildoa markatuko dutenak (hain zuzen ere, aipatutako egileek Feminismoaren Bigarren Olatutik gaur egun arte landutako gaiak dira):
- Emakumeon gorputza eta sexualitatea. Tabuak emakumeen gorputzarekiko (hilerokoa, menopausia eta emakumeen plazer sexuala) (hori dena zineman agertzen/ez agertzen delako).
- Femme fatalearen irudia.
- Maskulinitate hegemonikoaren feminitatearen irudikapena.
- Feminitatearen eta feminismoaren iruditeria.
No no Noky TV, Barbara Hammer (1987)
Beraz, hemendik aurrera bion artean izango dugun solasaldiaren helburua aurrez esandakoa da: ikastea, aurkikuntzak elkarbanatzea, gaien inguruan hausnartzea eta blogaren aitzakia dela eta, solasaldi hau joko bilakatzea.
Has gaitezen!