Aurtengo Zinemira sailean inoiz baino ekoizpen gehiago eskainiko dituzte, hamazazpi orotara. Horien artean zortzi Euskal Zinemaren Irizar saria eskuratzeko lehian ariko dira. Gainera, aurtengo Zinemira saria Ramón Barea aktore eta errealizadoreak jasoko du Euskal Zinema eta ETB galan.

Zinemira-euskal-filmak-Zinemaldia-Zinea-eus

Zinemira euskarazko zinemari eskainitako atala da, eta aurtengo edizioan inoiz baino ekoizpen gehiago ikusteko aukera izango da, Jose Luis Rebordinos Donostia Zinemaldiko zuzendariak gaur Tabakaleran egin duen agerraldian aditzera eman duenez. Zortzi lanek hartuko dute parte Irizar saria eskuratzeko lehiaketan, eta gainerakoak emanaldi berezietan eskainiko dituzte.

Lehiaketako filmak:

  • Baskavígin. Euskal baleazaleen hilketa (Aitor Aspe Fid)

1615ean Islandiara joandako 86 euskal balea-arrantzaleek bizitakoa kontatuko du dokumentalak.

  • Chillida: Esku Huts (Juan Barrero)

Eduardo Chillida (1924-2002) artistaren ibilbidea errepasatuko duen dokumentala.

  • ETAren amaiera (Justin Webster)

Jesús Eguigurenen eta Arlando Otegiren arteko elkarrizketetatik abiatutako dokumentala.

Euskal Herriak basoarekiko eta zurarekiko duen harremana aztertzen duen dokumentala.

  • Igelak (Patxo Telleria)

Delitu ekonomikoengatik espetxeratu nahiko duten Pello banku bateko zuzendariaren ihesaldiari buruzko komedia.

Berlingo kaleetan dabiltzan bost lagun anonimoren erretratua egingo du dokumentalak.

  • Pedaló (Juan Palacios)

Hiru lagunek pedalo batean egingo duten bidaia jarraituko duen dokumentala.

  • Rocknrollers (Juanma Bajo Ulloa)

Gasteizko Azkena Rock jaialditik abiatuta, rock and rollarekiko zaletasuna aztertuko duen dokumentala.

Aldiz, bestelako emanaldietan eskainiko dituzten ondorengo filmak, aurrez estreinatutakoak:

  • Helena Tabernaren Acantilado
  • Eriz Zapirainen Gaur irekiko ditu ateak
  • Iratxe Fresnedaren Irrintziaren Oihartzunak
  • David Eguilar Iñigoren Mara Mara
  • Fermin Muguruzaren Nola?
  • Juanmi Gutiérrezen Oihalak adarretan
  • Olatz González Abrisketa eta Jorgen Lethen Pelota II
  • Mikel Ruedaren Bosgarren solairua
  • Rusudan Glurjidzeren House of Others (Besteen Etxea)

Baina ez dira 64. Donostia Zinemaldian eskainiko dituzten euskal ekoizpen bakarrak izango; hain zuzen ere, Zabaltegi-Tabakalera sailean izango dira Mikel Ruedaren Caminan laburra, Maria Elorza eta Maider Fernandez Iriarteren Gure Hormek laburra, eta Koldo Almandozen Sipo Phantasma saiakera metafilmikoa.

Euskal Zinema eta ETB galan, halaber, Francesc Escribanoren Agirre Lehendakaria filma eta Patxo Telleriaren Igelak komedia eskainiko dituzte irailaren 19an. Lehenak Daniel Grao aktoreak egindako bidaia kontatuko du, Agirre lehendakariaren papera jokatzeko proposamena jaso zuen unetik pertsonaia eraiki eta erretratu sinesgarri bat egitea lortu artekoa. Igelak lanak, ordea, Pello (Gorka Otxoa) du protagonista. Banku-sukurtsal bateko zuzendaria da, eta delitu ekonomiko bategatik atxilotuko dute. Espetxea ekiditeko, baina, ihesaldi zoro bat hasiko du.

Zinemira Saria, Ramon Barearentzat

Ramon-Barea-Zinemaldia-Zinemira-Zinea-eus

Euskal Zinema eta ETB galan, gainera, emango diote aurtengo Zinemira saria Ramón Barea aktore eta errealizadore bilbotarrari. Antzerkian abiatu zuen bere ibilbidea, oso gaztetxoa zela, eta ordutik ehun obra ingurutan hartu du parte, zuzendari zein aktore bezala. 1981ean zinemara egin zuen jauzi Imanol Uriberen La fuga de Segovia lanarekin, eta ordutik, Enrique Urbizu, Alex de la Iglesia, Montxo Armendariz, Juanma Bajo Ulloa, Gracia Querejeta, Borja Cobeaga eta Lara Izagirreren lanetan hartu du parte, besteak beste. Ehundik gora film luze, eta berrogehita hamar bat film labur egin ditu.

Telebistan ere aritutako aktorea da Barea, Espainiako telebista kateetan zein ETBn lanak egindakoa. Eta zinema zuzendari gisa ere egin ditu bere lantxoak, hala nola, 1999ko Pecata minuta, Elena Irureta eta Mariví Bilbao aktoreekin, edo 2004an Alex Angulorekin batera osatutako El coche de pedales.

Euskal Aktoreen Batasunaren saria, Arte Eszenikoen Max saria eta Antzerkiko Sari Nazionala ere irabazi ditu. Eta Borja Cobeagaren Éramos pocos laburrari esker, Oscar sarietaraino ere iritsi zen aktore bizkaitarra.