Urtea: 2016
Herrialdea: Argentina
Gurpildun aulki batean dago Joaquin (Leonardo Sbaraglia). Txakurrarekin bizi da utzita duen etxean, tabakoa eta eguneroko lana lagun, iraganeko familia galera ezin uxatu. Berta (Clara Lago) iritsiko da haren bizilekura, bere alaba Bettyrekin (Uma Salduende) batera, biek goiko solairuan logela bat alokatu eta gero. Gau batean, sotoan lanean ari dela, Joaquinek hots batzuk entzungo ditu paretaren bestaldean. Delitugile talde bat dago tunel bat egiten etxearen azpian, ondoko bankua lapurtzeko helburuarekin.
Tamalez, tunelaren bestaldean ez dago argirik; Rodrigo Grande argentinarrak zuzendutako filmean ez, behintzat. Pelikularen hasiera erakargarria da, trama bera ere bai, eta garapenak ondo egokitutako tentsio uneak ekarriko ditu; amaiera, ordea, ikusleari luzeegia egingo zaiola esango nuke, eta horrek baldintzatuko du emaitza. Bi orduko pelikulari azken ordu erdia kenduz gero, kritika honek beste norabide bat izango luke: ez nintzateke bukaeratik hasiko, ez nituzke ahuleziak lehen lerrora eramango.
Izan ere, lanak nahikoa elementu ditu thriller indartsu bat izateko, banku lapurretei buruz hamaika film egin badira ere. Bi istorio proposatuko ditu zuzendariak; bata azalean eta bestea, lur azpian. Leonardo Sbaragliak zuzen gidatuko du lehenengoa, iraganeko mamuak ardatz; Pablo Echarrik sendo eutsiko dio bigarrenari, gaiztoaren papera egoki barneratuta. Bi istorioek bat egingo dute, Clara Lagoren eskutik. Aktore madrildarrak ere maila emango du, argentinar kutsua eta hizkera berezkoa balitu bezala jardungo baita. Hortaz, protagonistek zeresan handia izango dute ikuslea harrapatzeko garaian, filmaren hiru laurden nabarmenetan.
Federico Luppi azalduko da azken zatian, filma biribila izateari uzteko atarian, baina aktore beteranoak ez du horretan ardurarik izango, inolaz ere, pertsonaien interpretazioa txukuna baita, berea barne. Luppik ustelkeria islatuko du; klasiko bat, Argentinatik datozen filmeei dagokienez. Ohiko dotoreziarekin beteko du bere lana, inongo eskrupulurik gabe.
Lokalizazioa azpimarratzeko ezaugarria ere bada. Etxe handi bezain ilun batean gertatuko dira eszena gehienak, eta kaleko euriak eta tunel klaustrofobikoak areagotuko dute atmosfera itogarria, amaiera gerturatzear dagoenean. Hortik aurrera, esandakoa: pelikulak ez du goia joko, amaiera iritsi aurretik jo duelakoan. Zapore gazi-gozoarekin etxeratuko da publikoa, tramak piztutako ikusminak ez duelako argirik ikusiko. Tunelean zokoratuta geratuko da.