The Magnificent Seven (Antoine Fuqua) filmaren aurkezpena dela-eta Donostiara egingo duen bisita baliatuko du Donostia Zinemaldiak 64. edizioko bigarren Donostia Saria Ethan Hawke (Austin, AEB, 1970) aktore estatubatuarrari emateko. Ekitaldia irailaren 17an, larunbata, egingo dute, eta ostean proiektatuko dute filma.

Ethan-Hawke-Donostia-Saria-Zinemaldia-Zinea-eus

Nazioarteko aktore arrakastatsuenen zerrendan dago Ethan Hawke, azken hiru hamarkadetan egindako aktore lan laudatuei esker. Idatzitako gidoiek eta berriki zuzendu duen bere lehen dokumentalak, halaber, sortzaile izaera eman diote Oscar saria eskuratzeko lau alditan proposatua izan den antzezle amerikarrari. Ibilbide anitz bezain interesgarria du, gainera, datozen urteetan are gehiago zabaltzeko tankera duena.

Izan ere, Hawken film esanguratsuenen artean dira Richard Linklater zuzendariarekin eta Julie Delpy aktorearekin batera osatu zuen Before Sunrise (1995), Before Sunset (2004) eta Before Midnight (2013) trilogia. Aktore moduan ez ezik, gidoigile lanetan ere aritu zen Hawke proiektu hartan, eta BFCA Kritika Zinematografikoaren Sarietan errekonozitu zuten lan hura. Dead Poets Society (Peter Weir, 1989), Gattaca (Andrew Niccol, 1997), Training Day (Antoine Fuqua, 2001), Good Kill (Andrew Niccol, 2014), The Purge (James DeMonaco, 2013) eta Regression (Alejandro Amenabar, 2015), besteak beste, filmetan ere aritu da Hawke, eta 2014ko Boyhood (Richard Linklater, 2014) filmean egindako lanagatik Oscarra, Aktoreen Sindikatuko saria, Urrezko Globoa, BAFTA garaikurra, Independent Spirit saria eta Gotham saria, besteak beste, eskuratzeko hautagaia izan zen, taldeko aktore onenaren kategorian.

Orain arte lau eleberri idatzi ditu, eta iaz bere lehen dokumentala, Seymour: An introduction izenekoa, zuzendu zuen. Aurten, gainera, Born to Be Blue (Robert Budreau), The Phenom (Noah Buschel), Maggie’s Plan (Rebecca Miller), In a Valley of Violence (Ti West) eta The Magnificent Seven filmak aurkeztuko ditu, atsedenik hartzeko asmorik gabe.

Azken hori izango da, hain zuzen, aktorea Donostiara ekarriko duena, Veneziako zinema-jaialdiari amaiera eman ostean. Filma John Sturgeren 1960ko lanaren remake bat da, Akira Kurosawaren Shichinin no Samura (Seven Samurai, 1954) lanean oinarritutakoa, aldi berean.