Etxepare Euskal Institutuak Arnhem (Herbehereak) eta Rijeka (Kroazia) hirietan sei asteko egonaldi artistikoak egiteko deialdia zabaldu du. Arte eszeniko, musika, literatura, arte plastiko, ikus-entzunezko arte eta abarretan jarduten duten sortzaileei zuzendutako egitasmoa da, eta izena emateko epea irailaren 2ra arte izango da zabalik.

Etxepare Euskal Insititutuak, Rijeka 2020 Europako Kultur Hiriburutzarekin eta Arnhemeko Motel Spatie Fundazioarekin elkarlanean, euskal sortzaileei zuzendutako sei asteko egonaldi artistikoak eskainiko ditu 2016ko urritik azarora bitarte. Hirietako bakoitzean proiektu ezberdin bat landu beharko dute artistek, tokian tokiko helburuekin bat datozenak.

Euskal-sortzaileentzako-egonaldi-artistikoak-Etxepare-Zinea-eus

Rijekaren kasuan, 2020an Europako Kultur Hiriburua izango dela kontuan izanik, hiriarengan eragin kultural eta artistikoa izango duen proiektu bat dute helburu. Migrazioarekin, hiriko portuarekin zein hirigintza ereduarekin, edo Rijekako 27 auzoek Europako beste hainbat hiritako auzoekin duten antzekotasunarekin lotutako egitasmoa izan beharko da. Era berean, hiriko eragile, espazio eta instituzioekin harremanetan egoteko aukera izango du artistak, Donostia 2016ren elkarlanari esker.

Anrhemeko egonaldiari dagokionez, ostera, Motel Spatie Fundazioaren misioari lotuta, espazio publikoen muga sozial eta fisikoez hausnartu beharko du artistak, azken batean, arte garaikideak, maila kultural, ekonomiko zein politikoan eragiteaz gain, etorkizun komun baten inguruan eztabaidatzeko tresna gisa ere zeresana duela erakutsi nahi baitute. Motel Spatie Arnhemeko auzo bakartua da, eta 112 nazionalitate ezberdinetako herritarrak bizi dira bertan.

Kontuan izateko

Deialdia irailaren 2ra bitarte izango da zabalik, eta artistek nortasun agiria, erroldatze agiria, curriculuma eta motibazio gutuna aurkeztu beharko dituzte hautagai izan nahi badute. Ibilbide artistiko nabarmena duten diziplina guztietako artistei zuzendutako deialdia da, eta aukeratuak diren bi lagunek egonaldiaren inguruko xehetasunak gerora zehaztuko dituzte antolatzaileekin.

Informazio gehiago eta deialdiaren nondik norakoak.