Azken hileetan Cannesen, Berlinen eta Locarnon saritutako film eta zinegileak 64. Donostia Zinemaldian izango dira irailaren 16tik 24ra. Hala, Hirokazu Koreeda, Mia Hansen-Love, Joachim Lafosse, Pablo Larraín, Ken Loach eta Gianfranco Rosi, besteak beste, zuzendarien lanak eskainiko dituzte Perlak sailean, hamabost orotara.

https://youtu.be/45a_2z5Ayo0

“Egungo munduaren bidegabekeria eta desberdinkeriak, familia, eta maitatzeko eta ahazteko modu desberdinak” jorratzen dituzten filmak dira, Donostia Zinemaldiko arduradunen hitzetan, aurtengo edizioko Perlak sailean ikusgai izango direnak. Berlinaleko epaimahaiaren saria, Cannesko Urrezko Palmorria, Locarnoko Publikoaren Saria eta Cannesko FIPRESCI saria, tartean, eskuratu dituzte lanok 2016an, eta garaikurrek ematen duten bermearekin helduko dira Donostira.

64. Donostia Zinemaldiko Perlak saileko filmak:

  • I, Daniel Blake (Ken Loach, Erresuma Batua). Cannesen Urrezko Palmorria eskuratu zuen filmak. Burokrazia-sistemaren aurka borroka egin beharko duten bi biktimaren ibilbidea kontatuko du dramak.
  • Fuocoammare / Fire at Sea (Gianfranco Rosi, Italia). Berlinen Urrezko Hartza eskuratu zuen. Zinegileak urtebete eman zuen Lampedusa uharte italiarrean bertan bizi diren etorkinen errealitateari buruzko lana osatzeko.
  • Toni Erdmann (Maren Ade, Alemania). Cannesen FIPRESCI saria jaso zuen filmak Ines du protagonista. Bucaresten bizi da, empresa Alemaniar batentzako lanean. Winfried aita bat-batean joango zaio bisitan, eta ustekabeko galdera bat egingo dio: “Zoriontsua al zara?”. Galderak Inesen bizitza hankaz-gora jarriko du.
  • L’avenir / Things to Come (Mia Hansen-Love, Frantzia). Berlingo zinemaldian Zilarrezko Hartza jaso zuen drama. Nathalie Filosofiako irakasleak bizitza perfektua du, senarrak beste emakume bategatik utziko duen arte. Askatasunari buruz dituen teoriak praktikan jarri beharko ditu orduan.
  • Frantz (François Ozon, Frantzia). Veneziako jaialdian estreinatuko du filma Ozonek irail hasieran. I. Mundu Gerran zendu zen mutil-lagunaren hilobia bisitatzera joango da egunero Anna, filmeko protagonista. Egun batean, Adrienekin topo egingo du, Frantzen hilobira loreak uztera joandako gaztearekin.
  • Umi yorimo nada fukaku / After the Storm (Hirokazu Koreeda, Japonia). Iaz ikusleen saria jaso zuen zinegilearen Our Little Sister filmak Donostian. Oraingoan, baina, Cannesen estreinatu duen lana ekarriko digu, ustekabeko tifoi bat tarteko, sendia ikusteko aukera izango duen gizonaren ikuspegia azalduko duena.
  • Ma vie de Courgette (Claude Barras, Suitza). Cannesko eta Annecyko jaialdietan saritu zuten stop-motion teknika darabilen animaziozko lana. Ama galdu ostean umezurztegi batera joan beharko den Courgette mutikoaren abenturei buruzkoa da filma.
  • Neruda (Pablo Larraín, Txile). Canneseko Errealizadoreen Hamabostaldian estreinatu zuen bere azken filma Larraínek, eta bertan 1948. urtean, Gerra Hotza Txilera heldu zen garaian, Pablo Neruda senatariak gobernuaren aurka egindako salaketaren ostekoak ditu hizpide. Horren ondorioz, presidenteak forua kendu zion.
  • Sieranevada / Sierra Nevada (Cristi Puiu, Errumania). Canneseko Sail Ofizialean aurkeztutako lana. Familia, aitaren heriotza eta norberak munduan betetzen duen lekua ditu aztergai filmak.
  • La Tortue Rouge / The Red Turtle (Michael Dudok De Wit, Herbehereak). Cannesen Un Certain Regard saria jaso zuen animaziozko filma. Irla bakarti batean abandonatutako gizon bat ihes egiten saiatuko da, egun batean bizitza aldatuko dion dortoka bitxi bat aurkituko duen arte.
  • L’économie du couple / After Love (Joachim Laffosse, Frantzia). Canneseko Errealizadoreen Hamabostaldian aurkeztu zuen filma Laffossek. Hamabost urteko harreman baten ondoren bananduko den baina etxe berean bizitzen jarraituko duen bikotearen istorioa ekarriko digu.
  • Little Men (Ira Sachs, AEB). Berlingo zinema jaialdiko Generation sailean estreinatu zen filma. Hamahiru urteko bi mutiko estatubatuarren laguntasun-istorioa kontatuko du.
  • Elle (Paul Verhoeven, Frantzia). Michèlek bideojoko-enpresa handi bat zuzentzen du, eta burdin eskuz kudeatzen ditu hala negozioak nola bere bizitza. Egun batean, baina, ezezagun batek eraso egingo dio etxean, eta Michèlek hura bilatzea erabakiko du.
  • Florence Foster Jenkins (Stephen Frears, Erresuma Batua). Zinegile beterano eta laudatuak New Yorkekko oinordeko xelebre baten abenturak pantailaratu ditu. Maryl Streep talenturik gabeko opera-abeslari bihurtzea amesten duen emakumearen azalean sartuko da.
  • Na Mlecnom Putu / On the Milky Road (Emir Kusturica, Serbia). Goi mailako jaialdi guztietan saritutako lanak aurkeztu ostean, maitasun istorio kartsu eta debekatu bat oinarri duen filma aurkeztuko du Donostian zinegile serbiarrak.