Bilboko Azkuna Zentroak Jose Mari Zabala (Irun, 1949) zinegile, argazkilari eta musikariari eskainitako zikloa prestatu du irailerako. Ez Dok Amairuren garaian Mikel Laboaren gitarra-jotzailea izandakoaren hainbat film labur, Axut (1975) luzea eta Cuba Corazón (2000) dokumentala emango dituzte irailaren 13tik 15era.

Jose-Mari-Zabala-Azkuna-Zentroa-Zinea-eus

Zabalaren ibilbidea sortzaile baten garapen prozesuaren erakusle argia da. Gaztetan euskal musikaren sorkuntzan murgildu bazen ere, 70eko hamarkadan zineari lotutako hainbat lan egin zituen, tartean, 1976ko Axut. Garai berean, argazkigintza landu eta estudio bat jarri zuen Donostian, ikus-entzunezkoak alboratu gabe. Hala, batetik bestera jauzika egin ditu azken hamarkadak, bestelako teknikak landuz eta diseinu grafikoari, argazkigintzari eta zineari lotuta lanean.

Bada, Bilboko Azkuna Zentroak sortzaileari eskainitako zine zikloa ondu du irailerako. Orotara hiru emanaldi egingo dituzte, irailaren 13an, 14an eta 15ean, asteartetik ostegunera.

Emanaldiak

Lehen egunean Zabalaren hainbat lan laburren proiekzioa egingo dute, eta sortzailea bera bertan dela, Juan Pérez Agirregoikoarekin batera solasean ariko da. Hilaren 14an eta 15ean, ostera, Axut eta Cuba Corazón lanak eskainiko dituzte.

Axut film surrealista eta sinbolikoa da, eta elkarrizketa faltaren aurrean, soinu banda gailentzen da. 1976ko Veneziako zine jaialdian estreinatu zen filma, Zabalak egindako 35 mm-ko lan bakarra. Cuba Corazón dokumentala, aldiz, hamar urteko isilaldi batean heldu zen 2000 urtean, eta bertako herritarren eta kulturaren erretratua da.

Sarrerak 4,5 euroren truke eskuratu ahal izango dira.