Les chevaliers blancs

Joachim Lafosse belgikarraren lan berriak 2007an Chaden jazotako gertaera du oinarri. Filmean, baina, Move for Kids Gobernuz Kanpoko Erakundeko sei kide herrialde afrikarrera joango dira 300 umezurtz hartu eta Frantzian adopzio tramiteak abiatu dituzten bikoteei entregatzeko asmoz. Bidaia, baina, uste baino gehiago zailduko zaie, eta laguntza humanitarioaren inguruko mugen inguruan zalantza egingo dute. Vincent Lindon, Louise Bourgoin, Valérie Donzelli, Reda Kateb eta Yannick Renier aktoreek, besteak beste, hartu dute parte iazko Donostia Zinemaldiko Sail Ofizialean aurkeztu zuten filmean.

Parched

Leena Yadav indiarraren proposamena, ordea, oso bestelakoa da. Indiako Gujarat estatuko herri txiki batera eramango gaitu, bertan bizi diren lau emakumeren istorioa kontatzeko. Haien senarrei eta esklabo bihurtzen dituzten ohitura zaharrei aurre egingo diete, eta euren arteko laguntasunak zein askatasun sentimenduak lagunduta, iraganeko mamuak gaindituko dituzte. Filma iazko Torontoko jaialdian aurkeztu zuten.

https://youtu.be/-11ZdXE_UyQ

Pete’s Dragon

Disney etxearen istorio klasikoaren remakea da etxeko txikienei zuzendutako Pete’s Dragon film fantastikoa. Grace basozainak Pete izeneko mutikoa aurkituko du basoan. Haurrak ez du gurasorik, eta etxera eramango du, hura laguntzeko asmoz. Baina mutikoak basora itzuli nahiko du, Elliotengana. Elliot dragoiarengana. Abenturaz, sentimenduz eta efektu bereziz jositako filma.

Star Trek Beyond

Star Trek sagako hirugarrena atala Justin Linek zuzendu du, Fast & Furious saga ezaguneko hiru atal zuzendu dituen zinegile estatubatuarrak, hain zuzen. Simon Pegg, Doug Jung, Roberto Orci, John D. Payne eta Patrick McKay aktoreak bere aginduetara jarri dira, eta Enterprise espazio-ontzi mitikora itzuli dira fikzioan, misio berri bati aurre egiteko: lurralde ezezagun batean barrena, Krall izeneko alien espezie garatuko kideen aurrean biziraun beharko dute lehenik, Lurrera itzultzeko ahaleginean.

Lights Out

AEBetatik, halaber, helduko zaigu David F. Sandbergen lan berriena, naturaz gaindikoari buruzko beldurrezko Lights Out filma. Hain zuzen, zinegileak berak 2013an aurkeztu zuen film laburraren ramakea da honakoa. Teresa Palmer aktorea izaki ezezagun batek jarraitzen duen emakumea izango da filmean; izaki hori, baina, argiak itzaltzen direnean soilik bizi da.

Secuestro

Mar Targaronak gidatu du Blanca Portillo, José Coronado, Antonio Dechent, Macarena Gómez, Vicente Romero eta Nausicaa Bonnín, besteak beste, aktoreak buru dituen proiektua. Filmak Patricia abokatuaren istorioa kontatuko du. Seme Victor desagertu egingo da bat-batean; galduta aurkituko dutenean, bahitzen ahalegindu direla kontatuko dio amari. Ustezko bahitzailea ezagutuko du mutikoak, baina probak falta direla-eta, aske utziko dute. Ondorioz, Patricia bere kontutik lanean hasiko da.