Urtea: 2015
Herrialdea: Frantzia
Proventza eskualdeko bihotzean bizi dira Louise Legrand (Virginie Efira) eta bere bi seme-alabak (Lucie Fagedet eta Leo Lorleach), udareondoen artean. Ama alarguna senarrak utzitako negozioa aurrera ateratzen saiatuko da, baina zorrak ezin kitatu ibiliko da. Egun batean, Pierre (Benjamin Lavernhe) harrapatuko du autoarekin, eta etxera eramango du zauriak sendatzeko. Gizon ezezagun horren izaera bereziak Louisen egunerokotasuna aldatuko du.
Virginie Efirak berriro egingo du: bihotzak agindutakoa jarraituko du maitasun kontuetan, buruak dioenaren kontra. Hala egin zuen Un homme à la hauteur filmean (Laurent Tirard, 2016), eta hala egingo du Le goût des merveilles lanean. Han nano batekin maitemindu zen, gizartearen aurreiritzien eta kontraesan propioen aurka borrokatu ondoren; hemen, Asperger sindromea duen gizon batek sortuko dizkio sentimenduak. Testuingurua, ordea, erabat desberdina izango da: nekazariarena egingo du oraingoan, abokatuarena beharrean, eta kalegorrian geratzeko atarian egongo da, bankuarekin dituen zorrek eraginda. Hildako senarrak oinordetzan utzitako lurrak landu ez ezik, bi seme-alaba ere hezi beharko ditu. Honela gauzak, egoera ekonomiko zail horretan, dena galtzeko duela kontutan izanik, errazago entzungo dio bihotzari. Eta ikusleak eskertuko du.
Bada, hor amaituko dira bi pelikulen arteko bat-etortzeak. Ados, Eric Besnarden lana komedia erromantiko bat ere bada, baina Tirardek zuzendutakoa baino eduki gehiago duela esango nuke. Orekatuagoa eta sakonagoa da, pertsonaiengana iristeko aukera gehiago emango ditu, eta, garrantzitsuena, sinesgarriagoa da. Istorioan murgiltzeko atea irekita utziko du zuzendariak, nahi duenak zeharka dezan, barreak baino zerbait gehiago etxeratzeko aukera emateko helburuarekin. Azken batean, familiaren eta gizon protagonistaren lekuan jartzeko parada eskainiko du, elkarrizketa eta egoera dibertigarriekin batera.
Goraipatzekoa da Benjamin Lavernhek egindako lana, begirada, hitz eta keinuen bidezko interpretazioari dagokionez. Adimena erakargarritasun armarik indartsuena dela sinetsita irtengo dira ikusleak zinema aretotik, Pierren dohainak liluratuta, Asperger sindromeak ekarri ohi dituen oztopoak une batez ahaztuta. Pelikulako familiarentzat opari moduko bat izango da, amarentzat zein seme-alabentzat.
Filmak sortuko duen kutsu magikoaren ondorioa da hori, eta horretan ere zeresan handia du argazkiak. Landa eremuan gauzatuko da istorioa, lasaitasun giro paregabean. Familiaren estutasunak ere ahaztu egingo ditu ikusleak ingurune horretan, protagonistek bezala. Proventzara bidaiatzeko gonbidapen bat dela esango nuke; arazoak etxean uzteko baldintzarekin egina, hori bai.