Asteburuan egindako sari-banaketa ekitaldiarekin batera itxi dute Locarnoko 69. zinema jaialdia, eta edizio honetako palmaresean europar filmak izan dira nagusi. Izan ere, Bulgaria, Danimarka eta Frantziaren artean ekoitzitako Godless (Ralitza Petrova) filmak jaso du film onenaren Urrezko Lehoinabarra, eta Errumania eta Alemaniak elkarlanean osatutako Inimi Cicatrizate (Scarred Hearts) lana saritu dute epaimahaiaren aipamen bereziarekin.
Istorio pertsonalak, estetikoki indartsuak eta egonezin garaikide moduko baten isla direnak izan dira garaile abuztuaren 3tik 13ra luzatu den Locarnoko 69. zinema jaialdian. Hala, Ralitza Petrova zinegile bulgariarraren lehen film luzeak irabazi du film onenaren Urrezko Lehoinabarra. Lanak zahar-etxe batean lan egiten duen erizainaren egunerokoa kontatuko digu; adineko pertsonen nortasun agiriak lapurtu eta saltzen ditu. Komunismoaren osteko ezer gutxi aldatutako Bulgarian girotu du filma Petrovak, eta gizatasuna erabat galdutako herritar behartsuak erakutsiko dizkigu.
Epaimahaiaren sari berezia, ostera, Scarred Hearts zinegileak eskuratu du, Inimi cicatrizate filmagatik. Max Blecher idazlearen eleberri autobiografiko homonimoan oinarritutako lanak 20 urteko Emanuel du protagonista. 1937an girotuta dago lana, Itsaso Beltzaren ertzetako batean dagoen erietxe batean. Emanuelek tuberkulosi gaitza du, eta bere eta gainerako gaixoen bizimodua kontatuko du.
Zuzendari onenaren saria: Joao Pedro Rodriguesentzat, O Ornitólogo filmagatik
Emakumezko aktore onenaren saria: Irena Ivanovarentzat, Ralitza Petrovaren Godless filmean egindako lanagatik
Gizonezko aktore onenaren saria: Andrzej Sewerynentzat, Jan P. Matuszynskiren Ostatnia Rodzina filmean egindako lanagatik
Aipamen berezia: Tizza Covi eta Rainer Frimmelen Mister Universo lanarentzat
- Egungo Zinegilea Lehiaketako sariak
Egungo Zinegilearen Urrezko Lehoinabarra: Eduardo Williamsen El auge del humano filmarentzat
Egungo Zinegilea Epaimahaiaren Saria: Yuri Ancaraniren The Challenge filmarentzat
Egungo Zinegile berri onenaren saria: Mariko Tetsuyarentzat, Destruction Babies filmagatik
Egungo Zinegilea Aipamen Berezia: Kiro Russoren Viejo Calavera filmarentzat