Urriaren 7tik 9ra, ostiraletik igandera, hiru eguneko zine mintegia egingo dute Tabakaleran Javier H. Estrada, Beatriz Leal eta Elena López Rierarekin. Saio trinkoak izango dira, zine aretoan bertan, goizeko 10:00etatik 19:00etara. Eta izen-ematea zabalik da jada. 50 euro balio ditu matrikulak.

Tabakalera-Nazioarteko-Zine-Mintegia-Zinea-eus

“Eta artista eta pentsalariak gonbidatuko bagenitu hiru egunez mugimendudun irudiei buruz lan egiteko? Eta zinean gertatzen den mintegi bat bada, zinean, zineko besaulkietan?”, galdegin zieten Nazioarteko Zine Mintegiko arduradunek euren buruari. Hala, zine aretoaren barruan, ikus-entzunezko materialak ikusteko eta testuak, prozesuak, elkarrizketak, eztabaidak eta pantailaren alde bateko eta besteko topaketak elkarbanatzeko helburua duen mintegia egingo dute urriaren 7tik 9ra.

Javier H. Estrada, Beatriz Leal eta Elena López Riera izango dira erreferentzia akademiko, teoriko eta ikus-entzunezkoek osatutako ibilbidea marraztuko duten adituak, eta haiez gain, lau artista gonbidatuk euren lanak ekarriko dituzte: Safia Benhaim, Filipa César, Oliver Laxe eta Vincent Meessen.

Saioak goizeko 10:00etatik 19:00etara luzatuko dira, eta ostean, 20:00etan, eguneko epilogoa eta hurrengo eguneko apunteak eskainiko dituzte ikuslego zabalari zabaldutako saioan.

Izen-ematea zabalik da Tabakaleraren webgunean, eta matrikulak 50 euroko kostua du. Orotara 35 lagunek eman ahalko dute izena. Beraz, bizkor ibiltzea komeni da.