Urtea: 2016
Herrialdea: AEB
Hamabi urte igaro dira Jason Bourne agenteak (Matt Damon) bere azken lan ezkutua egin zuenetik. Memoria berreskuratu du, baina galdera asko ditu oraindik erantzunik gabe. Iraganeko mamuek agerpena egingo dute berriro, eta CIAko Robert Dewey eta Heather Lee (Tommy Lee Jones eta Alicia Vikander) izango ditu atzetik, egia behingoz ezagutzeko lasterketan: lan molde zaharrak erabili ohi dituen arduraduna, batetik; eta belaunaldi berrien ordezkaria, bestetik.
Matt Damonek sasoi betean dagoela frogatuko du Jason Bourne filmean. Hamabost urte igaro dira sagako lehen atala egin zuenetik, baina denboraren orbainei duintasun handiarekin egin die aurre. Azken lan hau osatzeko inoiz baino entrenamendu gogorragoak egin behar izan ditu maila mantentzeko, eta emaitza begi-bistakoa da: Damonek berak egin ditu eszena gehienak, ordezko baten beharrik gabe.
Ile zuri bat edo beste ikus dakieke buruan, baina indarra eta trebetasuna bere horretan mantendu dituzte aktoreak zein pertsonaiak. Lehenengoari dagokionez, meritu handia du ia hitzik esan gabe ikuslearengana iristeko gaitasuna izateak. 25 esaldi besterik ez ditu lan osoan, baina begiradarekin, keinuekin eta ekintzekin nahikoa izango du publikoa bereganatzeko. Bigarrenari dagokionez, Bournek Bourne izaten jarraituko du, inolako ahuleziarik erakutsi gabe, iraganeko oroitzapenek gogor astinduko duten arren.
Hain zuzen ere, horixe izango da sagako bosgarren ataleko berritasuna: Paul Greengrass zuzendariak aurreko lanetan baino gehiago sakonduko du Bournen iraganean, jatorrira iritsi arte. Bada, galderei erantzuteak ez du filma aberastuko, ez dio balio erantsirik emango, trama korapilatsuegia delako ezer onerako. Hala ere, hutsune horrek ez du garrantzirik izango, lehentasuna beste bat delako: akzioa eskaini. Zentzu honetan, badirudi Greengrass indarberrituta itzuli dela, Damonekin batera. Biek ala biek ez zuten parte hartu sagaren laugarren atal etsigarrian; The Bourne Legacy lanean (Tony Gilroy, 2012). Zuzendaria erakustaldia emateko asmoz bueltatu da orain, eta abiadura bat gehiago emango dio istorioari, azkarragoa eta biziagoa izatea zaila zirudienean. Hala, Atenas, Londres eta Las Vegasko eszena gogoangarriak generoaren historiara pasako dira, ate handitik.
Azken batean, Jason Bourne lanak erabat aseko ditu akzio filmen zaleak, baita sagako jarraitzaileak ere, akzioa maite edo ez. Izan ere, badira generoa bereziki gustuko ez duten zinema zale asko, Bourneren istorioak harrapatuta, arrazoi logikorik gabe. Horixe da, hain justu, sagaren handitasuna.