Azken bolada honetan emakumeak protagonista dituzten film dezente egon dira ikusgai gure zinema aretoetan. Emakumeon istorio bat eta gure eskubideen aldarrikapena pantaila handian ikusteko aukera izan genuen, esaterako, Suffragette filmean; XX. mende hasierako mugimendu feministaren historia azalduko du Sarah Gavronen lanak. Halako filmek emakumeen historia erakusteko balio dute, testu-liburuetan erakusten ez den historia. Izan ere, emakumeak ezkutatuta geratu ohi dira, eta feminismoak lortutako eskubide sozialak nondik datozen ez da irakasten eskoletan.
Emakumeon erreferentzia gehiago beharrezkoak dira historian, zientzian, eta nola ez, arteetan. Zineman tokia hartzen ari gara, naiz eta oraindik zuzendari gutxi egon. Nire film kuttunetako bi bihurtu diren Carol eta La vie d’Adele lanen zuzendariak gizonezkoak dira, baina oso ondo kontatu dituzte bi emakumeren arteko amodiozko harremanak. Orain hilabete inguru, gainera, estreinatu zuten Catherine Corsiniren La belle saison frantsesa. Lana 70eko hamarkadako Frantziako mugimendu feministan girotuta dago. Delphine eta Carolek kalean ezagutuko dute elkar, Carole protesta feminista bat egiten ari den bitartean. Garai hartako batzarrak, ekintzak eta aldarrikapenak ikusi ditzakegu filmean, baita bi emakumeen arteko maitasun harremana ere. Aurretik aipatu ditudan hiru lanetako bakoitzetik zerbait du La belle saison filmak, baina niri eragin zidan sentsazioa bakarra izan zen.
Filmak Parisera eramango gaitu, baina ez luxuzko Parisera, patriarkatuarekin amaitu nahi duen Paris hirira baizik. Emakume iraultzaileak aurkituko ditugu bertan, ez dute euren amek jasandakoa jasan nahi, eta abortuaren aldeko borrokan ariko dira buru-belarri filmean zehar. Carolek denbora darama borrokan lagunekin, bere etxean egiten dituzte bilerak, eta horretarako bere mutilak etxetik alde egiten du. Delphine, aldiz, iritsi berria da Parisera, landa-herri batetik dator, eta oso azkar sartuko da mugimendu feministan. Bertan oso eroso sentituko da, eta Carolekin maiteminduko da. Bien arteko harremana oso hunkigarria da, Carolentzat bere lehen harreman homosexuala izango delako, eta hasieran ez dituelako bere sentimenduak ondo ulertuko.
Filmean emakumeen eskubideak eta LGTBI eskubideak aldarrikatzen dira. Izan ere, taldeko kide batzuek lagun homosexual bati ez laguntzea erabakiko dute une batean, eta horrek erakutsiko du mugimendu feminista ez dela beti LGTBI eskubideen borrokari lotuta egon. Corsinik eldiario.es egunkariari eskainiko elkarrizketan adierazi zuen emakume batzuen nahia dela feminismoa emakumeez soilik arduratzea, baina hala ere, feminista askok homosexualei lagundu dietela historian, baita alderantziz ere.
Nire ustez, Corsinik asmatu egin du emakumeen eta LGTBI kolektiboaren eskubideak uztartzen. Gaur egungo mugimendu feministak gizabanako guztien eskubideen aldarrikapena egiten du, eta film hau LGTBI gaia jorratzen duen pelikula feminista bat da. Horrelako film askok isildu nahi den errealitate bat ikustarazten dute, heteropatriarkatuaren aurka egiteko beste modu bat da.