Nazioarteko zinegile entzutetsu zein berriagoen 11 lan lehiatuko dira aurtengo Donostia Zinemaldiko Sail Ofizialean. Besteak beste, Hong Sang-soo hego korearraren Dangsinjasingwa dangsinui geot (Yourself and yours), Arnaud des Pallières frantziarraren Orpheline, eta Bertrand Bonelloren Nocturama ariko dira Urrezko Maskorra eskuratzeko borrokan.

Zinemaldia-Sail-Ofiziala-Zinea-eus

Irailaren 16tik 24ra luzatuko den 64. Donostia Zinemaldiko Sail Ofizialean, lehiaketa barruan zein kanpo, ikusgai izango diren hamabost lanen zerrenda ezagutzera eman dute jaialdiko arduradunek. Zinegile entzutetsuen zein orain gutxi hasitakoen lanak eskainiko dituzte bertan, horien artean hamaika lehiaketan, eta beste lau lehiaketatik kanpo.

Hain zuzen, J.A. Bayonaren A Monster Calls eta Oliver Stonen Snowden filmak izango dira lehiaketaz kanpo aurkeztuko dituzte filmetako bi, eta Diego Galán espainiarraren Manda Huevos zein Jo Solen Vivir y otras ficciones lanak emanaldi berezietan eskainiko dituzte.

Aldiz, ondorengoak dira Urrezko Maskorra eskuratzeko hautagaiak:

  • As you are

Miles Joris-Peyrafitte 23 urteko aktore eta zuzendari estatubatuarraren lehen film luzea da, eta hiru nerabe bakartiren arteko harremana kontatuko du. Filmak Sundanceko Jaialdiko Epaimahaiaren Sari Berezia eskuratu du.

  • Dangsinjasingwa Dangsinui Geot (Yourself and Yours)

Hego Koreako Hong Sang-soo zinegile entzutetsuaren lan berriak Youngsoo eta Minjung bikotekideen arteko harremanak jasango duen aldaketa pantailaratuko du. Bere azken lanek hainbat sari eskuratu dituzte Cannes eta Locarnoko jaialdietan.

  • American Pastoral

Ewan McGregor eskoziarrak zuzentzen duen lehen film luzea ere Sail Ofizialean lehiatuko da. Philip Roth idazlearen eleberrian oinarritutako lana da, eta AEBtako familia baten bizimodua kontatuko du. McGregor bera da filmeko protagonistetako bat.

  • Jätten (The Giant)

Johannes Nyholm zinegileak idatzi eta zuzendu duen lehen film luzea da Jätten. Malformazioak eta urritasun psikikoa dituen 30 urteko gizon baten ametsa, Eskandinaviako petanka txapelketa irabaztea, izango du aztergai.

  • Jesús

Carne de Perro filmarekin 2012ko Zuzendari Berriak saria eskuratu ostean, Fernando Guzzoni zinegile txiletarrak 18 urteko Jesús gaztearen gorabeherak izango ditu hizpide oraingoan. Itzulerarik gabeko gertaera batean parte hartu duela aitortuko dio gau batean aitari, eta horrek bien arteko harremana eraldatuko du.

  • Lady Macbeth

Sundance London Film Laburren Jaialdiko garaile William Oldroyden lehen film luzea da, baita ere, Lady Macbeth. Alice Birchen gidoitik abiatuta, XIX. mendean girotutako heriotzari eta debekatutako pasioei buruzko istorioa osatu du.

  • Nocturama

Bertrand Bonello zinegile arrakastatsuak ikusmin handia piztu duen Nocturama filma dakar, bere lanen artean, Donostian lehiatuko den lehena. Filmak Parisko kaleetan plan ezkutu bat garatuko duen taldea izango du aztergai, Parisko atentatuen aurretik errodatutako filma.

  • Orpheline

Arnaud des Pallières zinegilea ere aurrenekoz izango da Donostian, Venezian eta Cannesen lehiatu ostean. Orpheline filmak lau emakumezkoren bizitzako lau une kontatuko ditu.

  • El hombre de las mil caras

Alberto Rodríguezen filmak tranpatien eta iruzurgileen istorio bat kontatuko du. Francisco Paesa espioiaren figuran oinarritutako dago lana, herrialde oso bat engainatu zuen gizonarengan.

  • Que Dios nos perdone

Rodriguo Sorogoyek ere Espainiako krisi ekonomikoan girotutako filma aurkeztuko du Sail Ofizialean. 2011ko uda bero eta kaotikoan, bi inspektorek ustezko serieko hiltzaile bat topatu beharko dute Madrilgo kaleetan.

  • La Reconquista

Jonás Truebaren filmak hamabost urteren ostean topo egingo duten Manuela eta Olmoren arteko maitasun istorioa kontatuko du.