Alex de la Iglesia bilbotarraren El bar film berria 2017ko urtarrilaren 20an estreinatuko dutela zehaztu du Sony Pictures Releasing España banatzaileak. Filmak Madrilgo erdialdeko taberna batean gosaltzen ari den lagun taldea du protagonista; haietako bat tirokatu egingo dute establezimendutik irtetean, eta horrek ekintza segida eragingo du.
Urte hasieran, martxoaren erdira bitarte, zazpi astez errodatu zuten Alex de la Iglesia bilbotarraren El bar film berria. Valentzia eta Madrilen egin zituzten grabaketak, eta filmerako bereziki muntatutako taberna batean igaro zituzten ordu gehienak. Besteak beste, Blanca Suarez, Mario Casas, Carmen Machi, Jaime Ordóñez, Secun de la Rosa, Joaquín Climent, Terele Pávez, Alejandro Awada, Jordi Aguilar eta Diego Braquinskyk aktore espainiar ezagunek hartu dute parte proiektuan.
Zuzendariaren hitzetan, orain arte zuzendutako hamalau film luzeen artean borobilena da honakoa. Itxialdiaren psikologian barrena murgildu da bilbotarra, izan ere, taberna batean gosaltzen ari direla, barruan harrapatuta geratuko den pertsona multzoa izango du aztergai filmean. Pertsonaietako batek tiro bat jasoko du tabernatik irtetean, eta gainerakoak barruan geratuko dira, zer egin jakin ezinik.
Bada, Sony Pictures Releasing banatzaileak aditzera eman duenez, filma urtarrilaren 20an helduko da zinema aretoetara, hasiera batean Donostia Zinemaldian eskaintzeko prest izango zela uste bazuten ere.