Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaketaren XV. edizioa egingo dute aurten irailaren 20tik 23ra Tabakaleran, 64. Donostia Zinemaldiko egitarauaren baitan, eta orotara hamabost lan hautatu ditu epaiamahaiak bertan eskaintzeko. Besteak beste, Mexiko, Alemania, Israel, Serbia, Lituania, Polonia eta Erresuma Batuko zinema eskoletako proposamenak izango dira.
Munduko osoko zinema eskoletako ikasleen lanak ezagutaraztea du helburu Donostiako Zinemaldiaren egitarauaren barruan antolatzen duten ikasleen topaketak. Horretarako, mundu osoko eskoletara zabaltzen du deialdia, eta haietatik jasotako proposamenen artean aukeraketa bat egin ostean, proiektu interesgarrienekin osatzen du emanaldien zerrenda. Publiko orokorrari zein Zinemaldiaren gonbidatuei zabaldutako saioak izan ohi dira.
Bada, aurtengo edizioan parte-hartzeak nabarmen egin du gora, antolatzaileek aditzera eman dutenez. Eskolei dagokienez, %25 gehiagok hartu dute parte (2015ean 89 eskola izan ziren, aurten 112), eta film laburren kopuruak ere %18 igo da (iaz 193 aurkeztu zituzten, aurten 229).
Ondorengoak dira jaialdian ikusgai izango diren laburrak:
- 24º 51’ Latitud Norte (Carlos Lenin Treviño, Mexikoko Centro Universitario de Estudios Cinematográficosetik)
- A Nice Placo to Leave (Maya Connors, Alemaniako Academy of Fine Arts Hamburgetik)
- A quien corresponda (Valeria Fernández, Argentinako Universidad de Cinetik)
- Adaptacja (Bartosz Kruhlik, Poloniako The Polish National Film Television and Theatre Schooletik)
- Celebracio (Pau Cruanyes Garrell eta Gerard Vidal Barrena, Kataluniako Facultad de Comunicación de la Universidad Pompeu Frabratik)
- Etage X (Francy Fabritz, Alemaniako Berlin Film Conservatorytik)
- Evyona (Segev Shaw, Israelgo Beit Berl College Faculty of Artsetik)
- Gabber Lover (Anna Cazenave-Cambet, Frantziako La Fémisetik)
- Grad (Masa Sarovic, Serbiako Faculty of Dramatic Artsetik)
- Kupranugaris (Laurynas Bereisa, Lituaniako Lithuanian Academy of Music and Theatretik)
- Mariâ (Grigory Kolomytsev, Errusiako Russian State University of Cinematography named after S. Gerasimovetik)
- O Noapte în Tokoriki (Roxana Stroe, Errumaniako National University of Drama and Film Bucharestetik)
- Sweet Maddie Stone (Brady Hood, Erresuma Batuko National Film and Television Schooletik)
- Take Away (Geórg Cantos, Espainiako Escuela de Cinematografía y del Audiovisual de la Comunidad de Madridetik)
- Umpire (Leonardo Van Dijl, Belgikako LUCA School of Artsetik)